Dagoeneko erabakita dago; aurtengo Mundumira jaialdia Leintz Gatzagan egingo da maiatzaren 18an, 19an eta 20an. Arrasate, Oñati, Aretxabaleta, Bergara, Eskoriatza, Antzuola eta Elgetan egin ostean, Leintz Gatzagari iritsi zaio jaialdia hartzeko txanda.
Atzo, astelehena, arratsaldean egindako batzarrean adostu zuten hori antolatzaileek, Debagoieneko Mankomunitateak, Euskal Herria aldizkariak eta Gin Music ekoizle etxeak.
Hainbat ekitaldi Eskoriatzan
Herriaren tamaina dela eta, Mankomunitateko ordezkariek esan dute, jaialdiaren formatua aldatu egingo dutela, herriaren tamainara egokituko dutela, azken baten. Horrekin batera, hainbat ikuskizun Eskoriatzan egingo direla ere azaldu dute Mankomunitatetik. Baina ze ikuskizun, non eta nola egingo diren oraindik zehazteko dagoela ere aurreratu dute. Gaia nork bere aldetik aztertu ostean, otsailean egingo duten batzarrera eroango dituzte euren proposamenak antolatzaileek.