Metalaren batzarraren atarian, Adegik esan du sindikatuen neurriak "enpresen akabera" liratekeela

Leire Kortabarria 2012ko urtarrilaren 16a

Bihar, martitzena, batzartuko dira hirugarren aldiz Gipuzkoako Metalaren Mahaiko ordezkariak, eta negoziazioak itxura txarra dauka, jarrerak elkarrengandik oso urruti daudelako. Adegi Gipuzkoako patronalak gaur esan duenez, "sindikatuen nahiak ontzat ematea enpresa txiki eta ertain askoren akabera izango litzateke".

Metalaren azken akordioa 2010eko azarokoa da, eta orain berritu egin behar dute, baina badirudi oso zaila izango dela. Izan ere, funtsean, guztiz kontrako eskaerak dituzte Adegik, batetik, eta sindikatuek, bestetik.

Adegiren proposamena da lan-egutegia handitzea, urtean 16 ordu gehiagorekin, eta baita lan-eguna handitzea ere. Soldatak bere horretan uztea ere proposatzen du. Sindikatuek (ELA, LAB, CCOO eta UGTk) guztiz kontrakoa proposatzen dute, bakoitzak bere proposamen zehatzarekin.

Bi muturrak

Adegiren hitzarmenak hiru urterako balioko luke. Urtean 1.713 lan-ordu proposatzen ditu, eta orain baino 20 ordu gehiago arautu gabeko erabileretarako (malgutasuna 65 ordutik 85 ordura pasatzea, hain zuzen).

ELA sindikatuak urte beterako hitzarmena egin nahi du. Soldatak Espainiako KPIa eta beste %2,25 gehiago handitu daitezen eskatzen du. Lan-egutegiari dagokionez, 35 orduko lan-asteruntz joateko neurriak nahi ditu. Beste neurri batzuen artean, aldi batekotasuna galarazi edo mugatu nahi du kontratuetan.

LABek Espainiako KPIa baino gehiagoko soldata-handitzea ere eskatzen du; KPIa eta tauletan %1,5 gehiago. 9 lan-ordu kendu daitezen ere gura du. Aldi bateko kontratazioa %10a baino handiagoa izan ez dadin nahi du, eta errelebo-kontratuari eustea eskatzen du (Rajoyk kendu nahi duen kontratuetako bat).

CCOO sindikatuak bi urterako hitzarmena eskatzen du, KPIa eta tauletan beste %1,25 handituta soldatak; soldata errealendako, KPIa. Bajetan %100eko osagarria eskatzen du. Lan-ordu kopuruaren gainean ez du aldaketarik proposatzen.

UGT sindikatuaren urte beterako hitzarmen proposamenean, soldatak KPIa eta tauletan beste %1 handitzea, %100eko osagarriak bajetan, eta urte bete baino luzeagoko aldi baterako kontratuak mugagabe izatera pasa daitezen agertzen dira. Lan-astea 35 ordukoa izan dadin nahi du; horretarako, 16 ordu kentzea proposatzen du.

"Errealitatetik kanpo daude"

Adegi patronalak gogor kritikatu ditu sindikatuen nahiak. Gaur kaleratu duen ohar baten, "errealitatetik guztiz kanpo" egotea leporatu die, eta oharrarazi die ez duela "inoiz onartuko" Gipuzkoako enpresak "arriskuan" jar daitezen.

Orain aurreko negoziazioa gogorra izan zen, eta ezer lortu aurretik zazpi greba bizi izan ziren. Baina oraingoa are latzagoa izango da, Adegiren esanetan, izan ere, "metalaren oraingo negoziazioa" ez dela "edonolakoa": "Barne merkatuak hondoratuta daude, eta gure esportazioak hartzen dituzten herrialde nagusiak, Frantzia eta Alemania kasu, krisian daude; Eurogunerako eta Europako Batasunerako aurreikuspenak etsigarriak dira benetan. Gainera, suspertzeko bidean dauden ekonomiak dinamismoa galtzen dabiltza".

Gipuzkoan, enpresek "oso agudo larritzen dabiltzan finantzaketa-arazoak dituzte Gipuzkoako enpresek". Azkenik, esan du, "Administrazioek murrizketa gogorrak egiten dabiltza soldatetan, eta inbertsio publikoa goitik behera etorri da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak