Altuna eta Unzueta, Ikurrinaren legeztatzearen 35. urteurrenean: "Garai gogorrak ziren, mehatxu eta errepresioz jositakoak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urtarrilaren 16a

Ikurrina legeztatu zela 35 urte bete dira. Eguenean, hilak 19, 35 urte beteko dira hain justu Arrasateko eta Aramaioko orduko alkateek  Ikurrina udaletxeko balkoian jarri zutela, Debagoieneko beste herri batzuekin batera. Bada, gaur goizean orduko Arrasateko alkate Jose Antonio Altuna 'Txatillo' eta Aramaioko Julian Unzueta izan ditugu Arrasate Irratian. Alkate bakoitzak Ikurrina jartzeko ekitaldia nolakoa izan zen ekarri digu gogora eta garai hartako testuinguru politikoaz ere jardun dute, luze eta zabal. Jarraian duzue elkarrizketa osoa entzuteko aukera.

Ikurrinak 35 urte Julian Unzueta eta Jose Antonio Altuna by Goiena

Atzo Etxarri-Aranatzen ekitaldia egin zen duela 35 urte Ikurrina udaletxe balkoian jarri zela gogora ekartzeko. Julian Unzueta Aramaioko orduko alkatea han izan zen. Ez, ordea, Jose Antonio Altuna Txatillo, erdi gaixorik zegoelako. Gaur Arrasate Irratian izan da orduko Arrasateko alkatea eta biek hainbat kontu izan dituzte hizpide goizean zehar egin zaien elkarrizketan.

Donostiako alkatea baino lehen, "ez zuelako ezer egin"

Altunak gogoan du 1977ko urtarrilaren 19an Ikurrina jaso zutela, Donostian altxatu aurretik: "Ez genuen nahi Donostiako alkateak domina guztiak eramatea, Ikurrina berak ekarriko balu bezala. Horregatik jarri genuen egun bat lehenago".

Tellamendiko gurutzea botatzea, "terrorismoa"

Bestalde, Julian Unzuetak Tellamendiko gurutzearen aurkako ekintza ekarri du gogora –orduko argitalpen bat ere ekarri digu–: "Eztabaida bizia izan nuen Vilarealeko teniente koronelarekin. Tellamendiko gurutzea botatzea ekintza terrorista bat zela esan nion nik eta teniente koronelak terrorista deitzen ari nintzaion galdetu zidan. Nik erantzun nion Aramaion ordura arte ekintza terroristarik ez zela egon, gurutzearen aurkako ekintza gertatu arte. Eztabaida luze baten ondoren, aginduak bete zituela esan zidan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak