Bergara puntu barik itzuli da eta Mondra bakarrarekin

Mirari Altube Arrese 2012ko urtarrilaren 15a

Ez Mondrak, ez Bergarak ez zituzten hiru puntuak eskuratu zapatuan. Mondrakoek, bat ekarri zuten Zumarragatik Urolari hortzak erakutsi ostean (Urola 1-Mondra 1), baina hori baino gehiago behar dute azken postutik ateratzeko. Bergarak, ostera, punturik ez, (Real Union 2-Bergara 1) baina partidu ona jokatutako sentsazioarekin itzuli ziren Neka Galanen mutilak.

Bergara, ezin berdindu

Espero bezalako partidua izan zen Real Union eta Bergararen artekoa, gogorra; izan ere, sailkapenean oso parekatuta dabiltza bi taldeak.

Lehenengo zatian iritsi zen etxekoen gola; falta bat atera ondoren urruntzen asmatu ez, eta gola. Halaxe joan ziren atsedenaldira eta bigarren zatia hasi orduko Real Unionen bigarren gola etorri zen, bosgarren minutuan hain zuzen. Horren ostean lasaitu egin ziren etxekoak eta orduan Bergara izan zen zelaian jaun eta jabe.

Halaxe iritsi zen Anderren gola. "Jokoa aldatu dugu eta mendean hartu ditugu. Arean sartuta egon gara bigarren zati ia denean, baina azkenean ez da iritsi berdinketaren gola", zioen penaz Neka Galan entrenatzaileak bukaeran.

Lehenengo gola Mondrarena

Mondrakoek puntuak behar dituzte zulotik atera eta aurrera egiteko, eta hirurak eskuratzekotan ere izan ziren zapatuan, Zumarragan. Izan ere, jarrera aldatuta eta gogotsu zelairatu zirela jakinarazi du Mikel Garcia atezainak eta hori igarri egin zela jokoan. Hala, lehenengo zati polita jokatu zuten, Urolakoei hortzak erakutsita, baina ez zen golik iritsi.

Bigarren zatiaren hasieran etorri zen hain zuzen gola; Andoni Aizpuruak egin zuen. Baina ondorengo jokaldian, 55. minutuan, Delpa kaleratu zuen epaileak bigarren txartel horia erakutsita, eta horrek aldatu egin zuen partidua. Larri ibili ziren Mondrakoak ordutik, eta hiru puntuei eusten ahalegindu arren 78. minutuan Urolakoek berdindu egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak