"Nora bota behar da edalontzi bat? Eta edukionti horira ontziak bakarrik?..." Hamaika galdera daude airean, nahiz eta askok pentsatu gaia ondo menderatzen dutela. "Ondo birziklatzen dakiela esanez gerturatzen zaigu jende asko, baina ezagutza neurtzeko prestatu dugun jokoan parte hartzerakoan konturatzen dira zalantza asko dituztela", azaldu digu beira birziklatzeko karparekin Bergarara etorri den ingurugiro-hezitzaile batek.
Dio jendeak borondate ona duela, birziklatzearen garrantzia barneratuta duela eta animatuta hurbiltzen dela gisa horretako guneetara, baina oraindik ere badugula zer ikasi. Ikasten jarraitzera animatu ditu interesatuak, baina mezu bat argi utzita, beti ere: "Hobe da nora bota ez dakigun hori zakarrontzira eramatea beste edukiontziren batera beharrean, ez dagokion tokira botatzen dugunak asko zailtzen duelako tratamendu prozesua", esan digu.
Zapatuan Bergaran izan zen karpak Arrasaten egingo du geldialdia bariku arratsaldean –Sebero Altube plazan, 17:00-20:00–, eta Aretxabaletan zapatu goizean –Durana kalean, 11:30-14:00–.
Erakusketa Oñatin
Astean zehar Oñatiko kultura etxera hurbiltzen denak, bestalde, hondakinen sorreraren prebentzioari buruzkoak ezagutuko ditu; panel eta ikus-entzunezko bidez, informazio zabala eskaintzen da bertan. Oñatiko epealdia agortutakoan, Bergarara tokialdatuko dute erakusketa.