Iragana eta etorkizuna eskutik eta bat eginda Etxarri Aranatzen

Maider Arregi 2012ko urtarrilaren 15a

Bihar, urtarrilak 16, 35 urte beteko dira Transizio garaiko Alkateen mugimenduak Etxarri Aranatzeko aldarrikapenak Euskal Herri osora zabaldu zituztenetik. Orduko protagonisten ordezkaritza zabala bidlu da gaur Etxarri Aranatzen. Herri baten bilakaera historikoan, ezinbestekoa dela iragana gogoan izanda aurrera egitea azpimarratu dute. Iragana eta etorkizuna, biak esku beretik doazela nabarmendu gura izan dute ekitaldian. "Oso polita eta hunkigarria izan da", adierazi digu Kristina Elkorok, Jose Luis Elkororen alabak.

Udaletxe barruan egungo eta garai hartako alkate eta zinegotziei egindako harrerak eman dio ekitaldiari hasiera. Bertan izan dira Aramaioko lehen eta oraingo alkateak, Arrasateko eta Bergarako egungo alkate eta zinegotziak. Orduan, Alkateen Mugimenduak idatzi zuen manifestua gogorarazi dute.

Debekatzeko mehatxua

Manifestua Iñigo Elkorok irakurri du aitaren izenean. Ondoren, ikus-entzunezko baten bitartez gertatutakoa gogorarazi dute ekitaldian. Audientzia Nazionaletik, ordea, ekitaldia debekatzeko mehatxua jasoa zuten. "Jose Luis Elkoro aipatu edo omentzen bazen legez kanpo utziko zutela ekitaldia zioten Audientziatik", kontatu digu Kristina Elkorok.

Jose Luis Elkororen alabak ekitaldia bukatu bezain azkar telefonoz aitarekin hitz egiteko aukera izan du: "Orain dela 35 urte ere ekitaldia egitea debekatu zietela esan dit aitak. Oraindik ere orduan egin zituzten aldarrikapenak oso egungoak direla dio. Ekitaldian aipatu dena jakin gura zuen".

Ekitaldia duela 35 urte bezala amaitu dute. Orduan, etorritako guztiek eskuak gora zituztela, Aupa gizona abestuz.

Etxarri 2012 egitasmoa

Erabakitzeko eskubidea eta memoria historikoa oinarri duen egitasmoa abian jarri dute aurten: Etxarri 2012 egitasmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak