Hala, Bergarako Pol-Polek mendi eski irteera antolatu du urtarrilaren 21 eta 22ko astebururako, Zurizara joango dira. Irteera honetan izena emateko azken eguna hilaren 17an, martitzenean da. Interesa dutenak, martitzenean bertan Pol-Poleko bulegoan egingo duten batzarrera joatea gomendatzen dute. Guztira, baina, 4 mendi irteera egingo dituzte aurten. Derrigorrezkoak dira federatuta egotea, eskiatzen jakitea eta material egokia eramatea.
Oñatiko Aloña Mendiko eski sailak, aldiz, urtarriletik martxora hiru irteera egingo ditu Baqueirara: bi eskiatzera eta hirugarrena, zeharkaldiko eskia egitera. Izena astelehenero Aloña Mendiko Tabernan eman daiteke. Lehen irteera hilaren 27tik 29ra egingo dute. Bestalde, Aloña Mendiko mendi sailak Pirinioetara eski irteera antolatu du otsailak 25 eta 26rako.
Besaidek ere eski eskaintza zabalarekin hasiko du denboraldia. Hala, lehen irteera Anayet-Aspera egingo da. Izena hilaren 16 edo 17an Besaideko egoitzan eman beharko dute joan nahi dutenek, 19:00etatik 20:00etara. Honetaz gain, eski alpinoa egiteko aukera ere eskainiko du Besaidek. Formigalera zenbait irteera egingo dituzte, lehena urtarrilaren 21 eta 22an. Gainera, GMF-k antolatutako izotz eskalada ikastaroa eta mendi eski ikastaroa ere eskainiko dira. Egutegia, prezioak eta informazio guztia zabala www.besaide.org webgunean duzue.