Txillardegi eta Txomin Iturbe: oihal bera bien hilotzetan

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urt. 14a, 21:25

1987an Txomin Iturberen hilotzean jarri zuten oihala jarri diote gaur –zapatua– goizean hil den Txillardegiri. Txillardegik berak eduki du etxean gordeta Iturbe hil zenetik, hori erretzea pena zelakoan; sendiak ipini dio gaur arratsaldean. Oihal arabiar bat da. Hil kapera Donostiako Errekalde auzoko beilategian egongo da bihar 15:15era arte eta 15:30ean errausketa egingo dute, familia giroan. Urtarrilaren 29an Donostiako Kursaalean omenaldia egingo diola iragarri du ezker abertzaleak.

Gaur eguerdian hil da Luis Alvarez Enparantza TxillardegiEra batera edo bestera, azken mendearen bigarren erdiko gertakari historiko garrantzitsuenei lotua  egon da: ETAren sortzaileetako bat izan zen, eta Altsasuko mahaiaren, Herri Batasunaren eta Aralarren sorreran ere parte hartu zuen. Euskararen soziolinguistika aldarrikapenaren aitzindari eta euskara batuaren bultzatzaile nagusietakoa  izan zen, Krutwig eta Mitxelenarekin batera. Leturiaren egunkari ezkutua bere eleberria euskal nobelagintza modernoaren abiapuntu izan zen.

Txomin Iturbe erakunde armatuko buru arrasatearra hil zenean, haren hilotza estali zuen oihala Txillardegik berak gorde zuen Iturbe erraustu aurretik, hori erretzea pena bat zelakoan; etxean gorde du urteotan denetan.

Txomin Iturbe

ETAren solaskide 1977an Txibertan, 1984an Felipe Gonzalez Espainiako presidentearekin Parisen eta 1986 eta 1987an Aljeriako aurreneko negoziazioetan –han egon zen deportatuta, 1986an Frantziako poliziak atxilotu eta gero–, aurreko urteetan Iparraldean hainbat atentaturen jomuga –Maite Ormaetxea emazte arrasatearrarekin eta bien semeekin batera–, 1987an hil zen Afrika iparraldeko herrialdean. Aljeriako Gobernuak emandako bertsio ofizialaren arabera, auto istripuan hil zen; Iturberen senitartekoek, baina, orain dela urte batzuk jakin zuten zer gertatu zitzaion: babesleku moduan erabiltzeko, kanpandorre bateko teilatuan omen zebilen lanean, zorabiatu eta goitik behera erori zen. Buruzagi "gogorragoen" aurrean negoziazioaren aldekoagotzat hartua izan zen Txomin Iturbe eta, egunetako tramiteen ondoren, haren gorpua Arrasatera ekarri zutenean milaka lagunek egin zioten harrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak