Upaingoa eta Kataide txakolinak Getarian gaur

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 13a

Ohitura denez, Gipuzkoako txakolin berria lehen aldiz dastatzeko aukera izango da San Anton egunez gaur, martitzena. Aurten 2,9 milioi botila komertzializatuko dira Gipuzkoako Txakolina jatorri izenpean; iaz baino %24 gehiago, mahatsondo berriengatik eta eguraldiak lagundu duelako. Ardo zuri gazte eta fruta usainekoa da aurtengoa. Uzta berria Getarian erakutsiko dute. Eta han izango dira Debagoieneko markak ere: Upaingoa eta Kataide.

San Anton, besugos un monton dio esaerak. Zaharra esaera, inondik ere, gaur egun, bisigu gutxi da-eta Kantauri itxasoan. Jan bai, jaten da Getarian, bisigua, San Anton egunez, baina bertakoa, gutxi.

Bertakoa dena txakolina da. Gero eta gehiago dira egiten dutenak, gainera.

Aurtengo txakolina 10,5 edo 11 gradukoa atera da, aurreko uztarena baino graduazio gutxiagokoa. "Txakolin polita atera zaigu aurten", esan dute egileek, "fruta usainekoa eta gaztea". Udaberria oso ona izan da eta udazkena ere egokia, txakolin ona egiteko. Batik bat, Hondarribi Zuri mahatsarekin egiten da Gipuzkoako txakolina.

Gipuzkoako Txakolina jatorri izenpean lurraldeko 26 upategi daude eta horietatik bi dira Debagoienekoak, Arrasateko eta Oñatiko bana, Upaingoa eta Kataide. Azken urte honetan, Hondarribiko eta Debako bana gehitu zaie.

  • Getaria: 11
  • Zarautz: 7
  • Aia: 2
  • Arrasate: 1
  • Mutriku: 1
  • Oñati: 1
  • Olaberria: 1
  • Deba: 1
  • Hondarribia: 1

Debagoienean sei ekoizle

Debagoienean sei txakolin ekoizle daude. Edo, hobe esanda, sei baserritan dituzte Getariako Txakolina jatorri izenpeko txakolina egiteko mahatsondoak. Lau Oñatin daude eta beste bi Arrasaten. Honako hauek dira:

  • Egiaundi eta Artazubiaga baserriak Arrasaten.
  • Murgialdai, Belaskuena, Ditxosuena eta Upain Oñatin.

Horietatik bi dira upategia dutenak: Egiaundi eta Upain. Biek egiten dute txakolina. Lehenak, Kataide markakoa eta, bigarrenak, Upaingoa izenarekin. Hirugarren batek, Artazubiaga baserriak, Otxia izenarekin komertzializatzen du txakolina, baina honek ez dauka upategia eta Getariako upategi batean bihurtzen diote txakolin ardo, Arrasaten batutako mahatsa.

Oñatiko Murgialdai, Belaskuena eta Ditxosuena baserrietan batutako mahatsa saldu egiten dute, beste upategi batzuek txakolina egiteko.

Gaur Getarian Debagoieneko bi marka izango dira, hortaz. Biak ere upategia dutenak: Upaingoa eta Kataide.

Gehiena Gipuzkoan saltzen da

Gipuzkoako txakolinaren merkatuaren zatirik handiena lurraldean bertan dago; %75 bertan saltzen da. Beste %10. Euskal Herriko beste toki batzuetan saltzen da. Beste %10, Espainian, eta gainerako %5a, munduko beste herrialde batzuetan. Azken honi dagokionean, Frantziara, Holandara, Belgikara, Alemaniara, Erresuma Batura eta Ameriketako Estatu Batuetara, batik bat. Japoniatik ere geroago eta eskari gehiago jaso dituzte.

San Anton Getarian

Gaur, San Anton eguna, 2.000 botila txakolin egongo dira jendeak dastatzeko Getarian. Pintxo lehiaketa ere izango da eta bestelako jai-giroko ekitaldi batzuk ere.

Partaittin domekan

Bestalde, San Bixente jaiak ospatuko dituzte domekan Angiozarko Partaittin. Eta han egongo da dastatzeko Kataide txakolionaren 2011ko ardoa, berria. Egiaundi baserriko Jabier Arregik uzta berria jendearendako jarriko du, azkeneko urteotan ohitura bihurtu den moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak