UEMAk Iparraldeko herrietara zabaltzeko asmoa azaldu du urteko lehen batzarrean

Maider Arregi 2012ko urtarrilaren 14a

UEMAko ordezkari politikoek 2012ko egitasmoa eta aurrekontua onartu dituzte aho batez Zumaian egindako batzarrean. Aurtengo erronkarik handiena lurgunea handitzea izango da. Udal hauteskundeez geroztik, 20 udalekin izan dira harremanetan, eta hurrengo hilabeteetan udal horietako askok mankomunitatean sartzeko eskaera egitea espero du UEMAk. Aurten gainera, Ipar Euskal Herrira zabaltzeko asmoa dutela kontatu digu Maren Belastegi UEMAko presidenteak. "UEMAko zuzendaritzak iparraldeko herri eta erakundeekin hasitako harremana berriro abiatuko du", kontatu digu Belastegi bergararrak. 

2012ko egitasmoaren baitan, lehentasunezko esparruak hauek izango dira: euskararen arnasguneak zer diren eta euskararen normalizazioan zer-nolako garrantzia duen gizarteratzea, udalez udal barne erabilera planetan sakontzea eta udal administrazioetatik kanpoko esparrutan eragitea (etorriberrien artean, lan munduan eta legezko babesaren bermeetan, besteak beste). 2012ko UEMA Eguna Goizuetan izango da.

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak adierazi duenez, bizi dugun garai berria aprobetxatuz indarrak batu eta jauzi kualitatibo bat emateko urratsa egingo du mankomunitateak. Horretarako, mankomunitatean udalerri gehiago sartzeko lanean jardungo du mankomunitateak, nahiz eta zailtasunak ere badauden. Izan ere, udal askok borondate politikoa badute UEMAn sartzeko, baina arazo ekonomikoak dituzte. Nolanahi ere, udalerriko batzarrean udal batzuk sartzea espero du Belastegik. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko eragileekin lan ildoa berreskuratzeko asmoa dagoela ere iragarri du Belastegik.

Batzarrean, Kontseiluko Iñaki Lasak ere parte hartu du, euskararen normalizazioan udal administrazioek garrantzia handia dutela nabarmentzeko. Lasak adierazi du Espainiako eta Frantziako estatuek jartzen dituzten legezko muga handiak sortu izan dituztela eta etorkizunean ere arazoak handiak sor ditzaketela. UEMAko udalerrietan egindako lana handia eta eraginkorra izan dela adierazi du, baina euskara normalizatzeko plangintza nazional bat ez edukitzea gabezia handia dela ere esan du Lasak. Udalerri euskaldunei dagokienez, Lasak adierazi du euskararen normalizazioaren etorkizuna udalerri euskaldunetan ari dela jokatzen nagusiki.

Lasaren aburuz, arrakastarako giltzarrietako bat herri gogoa egotea da, baina “suaren halako apaltze bat sumatu du”. Bere mintzaldiaren mamia esaldi batean laburbildu du: “Hizkuntza politika ez da soilik euskararen alde egiten dena: hizkuntza politika beti egiten da, euskararen aldekoa edo aurkakoa. Eta asko dira euskararen aurkako hizkuntz politika egin dutenak eta egiten ari direnak”. Xabier Amurizaren esaldi bat ere ekarri du gogora: “Errazagoa izango da iraultza sozialistak irabaztea Euskal Herrian euskararen normalizazioa lortzea baino”.

2011ko balantzea

2011. urteko jardunaren baitan, udal hauteskundeek ekarritako egoera politiko berriak eragin handia izan du. Horren ondorioz, mankomunitatea 61 kide izatera iritsi da, eta Zuzendaritza Batzordean alderdi abertzale nagusi guztien ordezkariak daude (Bildu, EAJ, Aralar eta independenteak). Iazko jardunen artean, “Hizkuntz ekologia eta lurralde euskaldunak” topaketa nabarmendu dute mankomunitatekoek. Bertan, UEMAren 20 urteko ibilbidearen berri eman zen, eta etorkizuneko lan ildoak markatu ziren. Ondorio nagusia izan zen mankomunitateko herrietan euskararen arnasguneak zer diren eta horrek euskararen normalizazioan zer-nolako garrantzia duen gizarteratzea.

Bestalde, gainerako lan ildoei dagokienez, erakundeekiko harremanak hobetu izana nabarmendu dute: Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanak sendotu ditu. Gainerakoan, beste lan hauetan ere jardun du UEMAk: etorriberrientzako egitasmoak, udalen barne erabilera planak, finantza erakundeekiko hitzarmenak eta euskalgintzako talde eta eragileekiko hartu-emanak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak