Udaletxean Espainiako bandera ez jartzearren auzitara

Mirian Biteri 2012ko urtarrilaren 12a

Udaletxeko balkoian Espaniako bandera ez jartzeagatik eroango ditu auzitara Gobernu ordezkaritzak. Bi Udalek dagoeneko abokatu eta prokuradoreak izendatu dituzte.

Abuztuan, Oñatira iritsi zen idatzian 1981eko legearen arabera, Espaniako bandera udaletxeetan ez ezik, eraikin publiko guztietan jarri behar dela gogorarazten bazen ere, ikurra udaletxean jartzea eskatzen zuten.

Idatzia jasotzean, zinegotzi jeltzaleei jasotako errekerimenduaren berri eman zitzaien eta zenbait kontsulta juridiko ere egin ziren abuztu eta iraila bitartean. Horren gaineko erabaki formalik hartu barik, ez zen inolako helegiterik aurkeztu, baina agindua ere ez zen bete, Udal ordezkariek aurreratu dutenez.

Azaroaren 3ko dataz, Gobernu Ordezkaritzak Donostiako auzitegiko lehen aretoan kontentzioso administratiboa jarri zuen. Handik jasotako idatziaren arabera, Oñatiko Udalak, 20 eguneko epea zuen epaitegian azaltzeko. Udalak, bere izenean azaltzeko, abokatu eta prokuradore bana izendatu dituela jakinarazi zuen abenduan egindako osoko bilkuran.

Bergarara ere abuztuan iritsi zen

Bergarako alkateak baieztatu digu Bergaran ere abuztuan jaso zutela errekerimendua, eta eskaera bete ez dutenez, auzitara eroan dituela Gobernu Ordezkaritzak. Honakoa esan du: "Oñatiarren egoera berdinean gaude. Dagoeneko abokatua eta prokuradoreak izendatu ditugu".

Arrasateko Udalean galdetuta, errekerimendurik ez dutela jaso esan aurreratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak