'Goiena.net' %50 hazi da 2011n

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 12a

Gure eskualdeko Interneteko atariak, Goiena.net-ek, sendotu egin du nagusitasuna eta %50,42ko igoera izan du erabiltzaileei dagokienez 2011n. Eta ia milioi bat erabiltzaile izan ditu (998.000). Bestalde, Gipuzkoan lau telebistak irabazi dituzte ikus-entzuleak eta lau horien artean dago Goiena telebista. TVE1, TVE2 eta Antena 3 dira besteak. Goiena paperekoak, azkenik, nagusi izaten jarraitzen du, askogatik, Debagoienan.

Datu onak dira, zalantzarik barik, Goienaren hedabideendako. Eta, bereziki onak, Interneten. Gorakada ikusgarria izan du aurten Goiena.net-ek: %50,42ko hazkundea bisitari kopuruari dagokionean, 2010ekiko eta %47,27koa bisitatu diren orriei dagokienean. Google Analytics-etik ateratako datuak dira.

Aurten hainbat errekor hautsi ditu Goiena.net-ek. Maiatzaren 23a, Hauteskunde biharamuna, izan zen Goiena.net-en bisitari eta orrialde bisitatuen inoizko errekorra. 41.410 orrialde bisitatu ziren eta 7.425 bisitari edo erabiltzaile izan zituen Goiena.net-ek egun horretan.

Hemen, 2011 urtean erabiltzaile gehieneko egunak (bisitariak / orrialde ikusiak):

  • Maiatzak 23 (Udal hauteskundeen biharamuna): 7.425 / 41.410.
  • Uztailak 15 (bi hildako auto istripuan): 5.564 / 27.252.
  • Apirilak 14 (Korrika): 5.205 / 37.140.
  • Martxoak 30: 5.167 / 21.097.
  • Azaroak 21 (Espainiako hauteskunde biharamuna): 4.925 / 22.020
  • Urriak 10 (Errosarixo Bixamona): 4.716 / 32.255
  • Maiatzak 30 (Mundumira biharamuna): 4.668 / 22.893.
  • Maiatzak 22 (Hauteskunde eguna): 4.624 / 28.309.
  • Apirilak 18 (Hautagaien zerrenda): 4.623 / 25.399.
  • Azaroak 7: 4.603 / 31.128
  • Urriak 4: 4.298 / 31.456
  • Urriak 24: 3.763 / 29.758
  • Martxoak 7 (Aratusteak): 3.588 / 25.753.

Goiena telebistak gora Gipuzkoan

Bestalde, Goiena telebistak ere gora egin du Gipuzkoan. Lurraldean, gora egin duten lau telebisten artean dago. TVE1, TVE2 eta Antena 3 dira besteak. Gainerako guztiek, behera egin dute. Hala egiaztatu du CIES erakundeak euskal hedabideen audientziak neurtzeko 2011ko bigarren inkestak, abenduan argitaratutakoak.

Lurreko Telebista Digitalak ekarri duen eskaintza ugaritasunak audientziaren zatiketa eragin du eta ohiko kate guztiek behera egin dute Goienak eta aipatutakoak izan ezik.

Goienaren kasuan, LTDren eskaintza ugariak eragina izan du Debagoienean, aurreko urtearekiko ikus-entzuleak galdu dituelako. Baina, Gipuzkoan, mesede egin dio Euskalteleko kablezko eskaintzak, Goiena Euskal Autonomia Erkidego osoan ikus baitaiteke Euskalteletik. Eta horri esker, geroago eta gehiago dira Goiena telebista ikusten dutenak gure eskualdetik kanpo.


Paperak erabateko nagusitasuna

Paperak krisi larria bizi du. Egunkariek bizi dute, batik bat, krisi hori. Eta nabari dute irakurle kopuruari dagokionez. Nabarmen behera egin du azkenaldian irakurle eta erosle kopuruak. Ondorioz, egunkari bat baino gehiago itxi beharrean aurkitu da.

Goienaren eredua beste bat da. Doanekoa. Funtzio sozialekoa. Euskaraz argitaratua. Horrek ematen dio balio erantsia. Irakurleak galdu ditu azkeneko urteotan, hedabideak kontsumitzeko ohiturak aldatu egin direlako, baina Goiena aldizkariaren eragin ahalmena nabaria da gaur egun ere. Askogatik da hedabide irakurriena gure eskualdean.

Hemen CIES erakundeak argitara eman berri dituen datuak, 2011koak, Debagoieneko papereko irakurle kopuruari dagozkionak:

  • Goiena: 26.000 irakurle (Gipuzkoan 33.000 dira).
  • El Diario Vasco: 16.000.
  • Gara: 5.000.
  • Berria: 3.000.
  • Noticias de Gipuzkoa: 3.000.
  • Marca: 1.000.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak