1. Aktore, aurkezle, erreportari... Egongo da mihi gaiztorik protagonismo gosea duzula esango duenik...
Galdera egin duenaren ustea hori ote! Denen bistara lan eginda gehienek dute guri buruzko iritzi profesional eta pertsonala. Ez da komeni "protagonistaegia" izatea, baina zaila da neurria hartzea.
2. Kamera baten aurrean lehen aldia 15 urterekin izan zen. Denerako izan duzu horrelako presa?
Kamera aurreko lanaren ona da adin eta klase guztietako jendea behar dela pertsonaietarako. Baina presaka ez naiz bizi: 29 urterekin ez naiz tabakoa erretzen hasi eta mozkorrik ere ez dut harrapatu!
3. Nola gogoratzen dituzu Arralden emandako urteak?
Goenkale eskola izan nuen eta ikastolan ikasiko ez nituzkeen gauzak irakatsi zizkidan. Leku bikainean agertu nintzen lehenengoz.
4. Ia denetarik aurkeztu duzu; zeri esango zenioke ezetz?
Ondo egingo ez dudala dakidan horri; neure buruarekin zintzoa izan behar dut lehenengo. Eduki aldetik ez zaizkit gustatzen pertsonak erabiltzen dituzten programak, talk-show eta antzekoak.
5. Noiz sentitu duzu lotsa gehien kamera aurrean?
Telebistan emandako lehenengo musua: Goenkale-n, 15 urte nituela eta Barbara Goenagarekin. Behin edukiko musua emateko aukera eta denen aurrean egin behar!
6. Zineman, nolakoa da norbere burua pantaila handian ikustea?
Berdin dio neurriak, zaila da norbera ikustea. Itsu egoten gara geure buruari begira, besteen lanaz konturatu gabe, eta bosgarren ikustaldira arte ez dugu pelikula ulertu ere egiten.
7. Hurrengo Miel de naranjas-en ikusiko zaitugu. Aurrerapenik?
Espainian, 50eko hamarkadan gertatzen den istorioa da, maitasunezko thriller-a, militarren mundua oso present duena. Imanol Uribe da zuzendaria, eta udaberrian estreinatuko dela pentsatzen dut.
8. Tuntuxa ekoizpen-etxearekin kamera atzean zabiltza. Ikus-entzunezkoen mundua ez al dago beti krisian?
Bai, mundu honetan gabiltzanok bokazioz ari garelako eusten diogu. Gainera, herrigintzaren erroetako bat kultura izan arren, murrizketa garaian zerrendan lehena da.
9. Lehen ez omen zinen parrandan irteten jendetza gerturatzen zitzaizulako. Aldatu al da hori?
Kontua ez da jendetza gerturatzea, leku horietan jendetza dagoela baizik. Nahiago dut lagunartean lasai egotea, afariren bat-edo... Baina parranda Euskal Herrian ez dago horretarako pentsatua.
10. Zertan ibiliko zara 40 urterekin?
Akaso 35 ditudala esaten! Ondo legoke ordurako kamera aurreko eta atzeko lanen arteko oreka aurkitzea.
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Pertsona guztien oinarri-oinarrizko beharrak aseak egotea bermatuko nuke. Baina horrelako makilatxorik ez daukagunez, konturatu gaitezen oraindik ia dena daukagula egiteko".