Mankomunitateak inoizko aurrekonturik handiena onartu du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko urtarrilaren 9a

Mankomunitateak 14.076.522,28 euroko aurrekontua onartu du aho batez 2012rako, iazkoa baino %65,58 altuagoa. Mankomunitateak horrelako aurrekonturik ez du inoiz izan. Guztiz ez ohiko aurrekontuak dira; zabor bilketa kontratu berriaren itzalean garatutakoak dira-eta, hain zuzen, inbertsioak izan dira igoera hori eragin dutenak.

Inbertsioak ingurumen sailean

Ingurumen sailak izango du aurrekontuaren zati handiena: %57a –Epeleko lanak kontuan hartuta %81. Aurtengoa urte berezia izango da; izan ere, atzeratuta zeuden hainbat inbertsio 2012an egingo dira.

Besteak beste, Epelen 2.800.000 euroko inbertsioa egingo da iragaztearen lehenengo fasea eta garbigune industriala egiteko; eta zabor bilketan 1.930.000 euroko inbertsioa egingo dute –ibilgailuendako garajea egin, 5 kamioi eta puntu berde mugikorra erosiko dute.

"Azkeneko 10 urte edo gehiagoan ez da inbertsiorik egin. Ondorioz, ibilgailuak oso zaharrak dira, arazo asko ematen dituzte", azaldu du Josu Pereda Mankomunitateko ingurumen batzordeko kideak. Epele derrigorrez iragazgaiztu egin behar dela eta geratzen den zatiaren erabilpena bermatzeko zigilatu egin behar dela ere azaldu du Peredak: "Uste dugu beste 8 bat urte iraungo duela horrela", dio.

Garai batean AKEIn zeuden zabor bilketako kamioi guztiak, ondoren behin behinekoz San Balerioko garajeak erabili izan dituzte (Arrasateko Udalarenak) eta orain behin betiko garajea egingo dute Epelen. 1.330.000 euroko partida dago horretarako.

Puntu berde mugikorrari dagokionez, kendu egin zuten bere garaian, baina berriro jartzea erabaki dute olioa batzeaz gain beste zerbitzu bat ere ematen duelako: fluoreszenteak eta margoak batu, adibidez.

Orain Garbigunera eraman behar dira horiek guztiak, baina denek Garbigunea eskura ez dutenez puntu berde mugikor funtzioa egingo duen ibilgailu berezi bat erosiko dute. Horretarako, 25.000 euroko partida dago.

Atez atekoa ezarriko dute

Behin Aldundiak hondakin organikoen bilketari irtenbidea emanda, 2013rako atez ateko bilketa sistema jartzeko aukera ikusi du Mankomunitateak; modu horretan, inbertsio guztiak 2012an egin beharko dira. Bergaran, Oñatin eta Elgetan jarriko dute atez atekoa hasiera batean.

Atez atekoaren ezarpen kostuak ondorengoak izango dira: aportazio guneak 240.000 euro eta pibote eta edukiontziak 150.000 euro. Aportazio guneak dira baserritarrendako guneak, txabola modukoak, giltzapean daudenak (Antzuolan bakarra dago, adibidez). Izan ere, baserrietan ez dute atez ateko bilketa egiten.

Bergaran, Oñatin eta Elgetan egingo diren aportazio guneen kopurua eta lekua zehazteke dago. 26.700 biztanleri eragingo dion bilketa sistema ezartzeko informazio guneak antolatu beharko dituzte. "Informazioa emateko bulego teknikoak zabalduko ditugu: bina Bergaran eta Oñatin, eta bakarra Elgetan", dio Peredak. Aurreikuspenen arabera, 10 pertsonek egin beharreko lana izango da eta 210.000 euroko kostua izango du horrek.

Konpostaje planta Epelen

Gipuzkoako Hondakiden Partzuergoak, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketaz arduratzen den erakundea– egingo du konpostaje planta: "Hondakinak batu Udalek egiten dute, baina hondakinen kudeaketa hondakinen partzuergoari dagokio; horregatik, inbertsio hori ez du Mankomunitateak egingo", azaldu du Peredak. Asmoa da 2012an egitea konpostaje planta Epelen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak