Sailkapenak esandakoaren isla izan da gaur Mojategin gertatutakoa. Zelaian hobeto kokatuta, baloiaren jabe izan dira aretxabaletarrek eta haienak izan dira gol aukera garbienak. Sanchezek izan du lehenbiziko aukera garbia 30. minutuan, baina Ander atezaina adi egon da baloia urruntzerakoan eta ondorengo Lopezen jaurtiketa arazorik gabe geratu du Mondrako atezainak.
Handik gutxira, eta atezainaren aurrean bakar bakarrik geratzera zihoanean, jokoz kanpoko posizioa adierazi dio epaileak Oxeli. Zalantzazkoa izan da epailearen erabakia. Lehen zatia amaitzear zihoala, Etxabek ederto errematatu du korner bat buruz, eta erantzun bikaina eman dio Anderrek. Oxelek beste abisu bat eman du beste korner bat buruz errematatuta, eta baloia kanpora joan da gutxiagatik.
Oxelen gol eskaintza
Lehen zatia amaitzear zela iritsi da aurreneko gola: area barruan eta erortzen ari zela ederto loratu du Oxelek baloia eta ustekabean harrapatu du Ander. 0-1ekoa eta gol psikologikoa, justu atsedenaren aurretik min egiten duen horietako bat.
Messiren keinu ezaguna eginez, Jaime Lopez eta Manolo San Vicente "Zurdito" zirenei eskaini nahi izan die Oxelek gola. Ronaldo brasildarraren antzera, dagoeneko tripatxoa dauka golegile arrasatear beteranoak. Baina kilotxoak bakarrik ez, klasea ere soberan, goleko jokaldi horretan erakutsi duen moduan.
Etxabe, onenen artean
Bigarren zatian erantzuna eman ezinda geratu da Mondra eta UDAk jarraitu du partidua menperatzen. Xabi bakarregi zegoen puntan eta Mondrako jokalariek nahikoa lan zeukaten UDAkoak eusten. Aretxabaletaren kasuan ezkerraldetik etorri dira erasoko jokaldi gehienak. Aipagarria benetan Beñat Etxabek eta Hernandezek egindako partidua.
Egindakoa borobiltzeko Etxabek egin du bigarren gola, ikusgarria benetan. Perezen erdiraketa bat jaso eta burukada bikain batekin bidali du baloia sarera. Amaieran, jokaldi ikusgarria egin du Arrizabalagak eta haren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Luzapenean, Barberok ere hanketan izan du 0-3koa, baina ez da gol gehiagorik izan Mojategin.
Sarrera bikaina Mojategin gaur. 450 ikusle inguru, horietako asko Aretxabaletatik etorritakoak. Isaac Palencia izan da epailea, Andoni Taberna eta Aitor Urrutia marrazainen laguntzarekin. Etxekoen partetik Ander atezainak, Zabalak, Xabik eta Txonanek ikusi dute txartel horia eta UDAri dagokionez, Sanchezek, Hernandezek eta Oiangurenek.
Zaleen protestak entzun behar izan dituzte behin baino behiagotan epaileak eta marrazainek. Bigarren zatiko une batean, ikusle batek betaurrekoak eskaini dizkio marrazainetako bati. Umorezko protestek ez diote kalterik egiten futbolari.
Aipatzekoa baita 20-25 gaztetxoz osatutako Peña Baranda delakoak sortutako giroa. Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez (You´ll never walk alone ezaguna) animatu dute Mondra. Txalogarria. Hala ere, irain bat edo beste soberan legoke hurrengo baten.
Hamaikakoak hauek izan dira:
MONDRAGON: Ander, Alain, Delpa, Txaote, Unai, Zabala (Txonan, 60. min), Lopez, Urra (Gonzo, 56. min.), Xabi, Maku eta Andoni.
ARETXABALETA: Agirregabiria, Gorosabel, Etxabe, Arriaran, Mar, Etxeberria, Eraña (Oianguren, 80 min.), Sanchez (Arrizabalaga, 56. min.), Oxel (Barbero, 85. min.), Hernandez (Badillo, 60. min) eta Perez (Canas, 87. min).
Bergarak husna berdindu eta Aloñak Oiartzunen irabazi
Bestalde, Bergarak husna berdindu du gaur Agorrosinen Berioren aurka eta Aloñak urrezko hiru puntu lortu ditu Oiartzunen; 1-2 irabazi dute oñatiarrek.
Ligako sailkapena eta egutegia, hemen.