Lau izan ziren agertoki gainean ibili ziren bertsolariak, laurak ere Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritakoak: Aramaioko bertako Manex Agirre, Jexux Mari Irazu gipuzkoarra, Barakaldon jaio arren betidanik Urruñan bizi izan den Odei Barroso eta egungo Nafarroako txapeldun den Julio Soto. Denak ere ederki asko ibili ziren Xabier Igoak jarritako gaiak lantzeko orduan.
130 pertsona inguru bildu ziren aipatu bezala umorez betetako bertso saioa ikusteko. Animaliek, gainera, protagonismo berezia izan zuten, bertso bat baino gehiagotan animali kontuak izan ziren eta nagusi. Puntuka gai librean ere bide beretik jo zuten bertsolariek eta ez zuten elkarri adarra jotzeko aukerarik galdu. Dena den, gai serioagoek ere izan zuten euren lekua saioan zehar, eta hala, gaurko Bilboko presoen eskubideen aldeko manifestazioari buruz ere aritu ziren bertsotan.
Giro onean burutu zen beraz ordu eta erdi inguru iraun zuen bertso saioa, eta antolatzaileak eurak ere pozik geratu ziren ordu eta erdi horrek emandakoarekin.