Aretxabaleta bigarren, Realari hortzak erakutsi ostean (2-1)

Xabier Urtzelai 2012ko urtarrilaren 5a

Bergarako Gabonetako Futbol Txapelketako finala jokatu dute gaur, eguena, Aretxabaletak eta Realak Agorrosinen. Txuri-urdinak bi maila gorago egon arren UDAko gazteak ez dira kikilduta zelairatu, eta lehenengo zati ordenatu baten ostean (1-1), bigarren zati "eroan" gol aukera garbiak izan dira ate batean zein bestean. Hala, atezainek aparteko protagonismoa izan duten partiduan –bigarren zatian, batez ere– Realak baloi geldiko jokaldi batean erabaki du norgehiagoka.

Ohorezko gazte mailako Realak eta Euskal Ligan dabilen Aretxabaletak indarrak neurtu dituzte gaur Agorrosinen. Eta, berdegunean ez da igarri bi taldeek jokatzen duten kategorietan dagoen aldea. Igor Arenazaren mutilek hasieratik egin diote aurre Realari, konplexu gabe, eta baloi bakoitzagatik borroka eginda.

Hala, txuri-urdinak berehala konturatu dira garaikurra irabazteko izerdia bota beharko zutela. Belarrezko berdegunean jokatuta, gainera, jokalarien artean teknikoki egon zitekeen aldea txikitu egin da, eta gehiago saritu dira borroka eta baloia galdu eta berehala errekuperatzeko ahalegina; presioa, azken batean.

Realaren gola, ordu laurdenera

Realak 15 minutu behar izan ditu Aretxabaletakoen atea zulatzeko (1-0), eta hurrengo jokaldian txuri-urdinek langara jaurti dute baloia. Bazirudien hasierako berdintasuna bertan behera geratuko zela, UDAk atzera egingo zuela, baina lehenengo zatiak zituen 40 minutuetan Aretxabaletakoek ondo eutsi diote Realari, eta epaileak atsedenaldirako tartea adierazi behar zuenean etorri da Aitor Abarrategiren gola (1-1).

Bigarren zatia, ederragoa

Bigarren zatia hasi baino lehen entrenatzaileek goitik behera aldatu dituzte taldeak, jakitun zirelako benetako azterketa asteburuan izango dutela, ligan.

Hala, minutuak banatzeko asmoz egindako aldaketek ekarri dute partidua "erotzea". Baloiaren jabetzaz obsesionatu barik, erasora egin dute batzuek zein besteek, eta orduan etorri dira gol aukera garbienak.

Orduan hartu dute protagonismoa bi taldeetako atezainek; Aretxabaletako Josuk aparteko 40 minutu jokatu ditu, Realeko aurrelarien amesgaiztoa izan delako. Akats batengatik ez du hamarrekoa irabazi, baina pena, akats horretan egin du Realak 2-1ekoa. Izan ere, falta jaurtiketa batean hesia erabat ondo kokatu barik, atepean berak ere hutsune handiegia utzi du eta Realeko jokalariak –ezkerraz efektu ona emanda– egin du gola. Akats hori minutu gutxira ahaztu du, aurrelari baten aurrez aurrekoan berriro ere gelditu ederra egin duelako. Ondoren Aretxabaletak gol-aukera garbiak izan ditu, baina ez dute ate aurrean asmatu, hor ere, atezainaren merituz.

Norgehiagoka 2-1ekoarekin amaitu da, txapelketa borobilaren ginda izan da finalaren bigarren zatia.

Sari banaketan bi taldeetako kapitainek jaso zituzten garaikurrak, eta Realeko Joseba Mugurutza debatarra izendatu dute jokalari onena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak