Debagoienetik 25 autobus Bilbora, presoen eskubideak aldarrikatzera

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 5a

Euskal presoen eskubideak errespetatu eta espetxe politika aldatzea eskatzeko zapatuan Bilbon egingo den manifestazioak atxikimendu asko jaso ditu. Manifestazio jendetsua izango da eta ibarretik jende asko joango da. Dagoeneko, 25 autobus bete dituzte. 300 izango dira Euskal Herri osoan. Aurreikusi dute 18.000 lagunek egingo dutela joan-etorria autobusetan.

Kolosala izango da. Hala diote manifestazioaren antolatzaileek, Egin Dezagun Bidea ekimenekoek. Ibarrean, zapatu arratsalderako iragarrita zeuden hainbat ekitaldi bertan behera utzi dituzte, manifestazioaren antolatzaileek hala eskatuta. Bilboko Alde Zaharreko dozenaka tabernarik ere itxi egingo dute.

Debagoienean bezala, Euskal Herriko ehun udaletan baino gehiagotan onartu dituzte presoen eskubideen gaineko mozioak.

Presoen eskubideak

Bilduk udaletan aurkeztutako mozioen bidez, bost neurri zehatz aldarrikatu dituzte:

  • Sakabanaketa amaitu dadila eta euskal presoak Euskal Herrira eraman ditzatela.
  • Gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatu ditzatela.
  • Zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak kaleratu ditzatela.
  • Epaiketa zain behin-behinean preso dituztenak behin-behinean aske utz ditzatela epaiketa izan artean.
  • Espetxealdien luzamendua dakarren 197/2006 doktrina bertan behera geratu dadila.

Illart Azkarate , Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideari elkarrizketa egin diote Arrasate Irratian. Haren ustez, jende asko batuko da manifestaziora zapatuan, besteak beste, egoera berriak "ilusio handia” sortu duelako jendartean. "Jeneralean egoten ez direnak ere joango dira manifestaziora" dio. Bestalde, dio, "distentsio egoera honetan estatu frantziar eta espainolari urratsak ematea" dagokiela.

Atxikimenduak

Manifestazioarekin bat egin dute 10.000 gizabanakok eta hainbat alderdi politiko, sindikatu, elkarte eta taldek. Bilduk, Aralarrek, Lokarrik, Segik…

Gure eskualdean ere hainbat herritarrek egin dute manifestaziorako deia. Interneten zabaltzeko hainbat bideo grabatu dituzte, Arrasaten, Bergaran, Oñatin...

Manifestazio isila

Manifestazioa isila izango da. Hala iragarri dute antolatzaileek. Badaezpada, Espainiako auzitegiak abisatu baimenduta dauden aldarrikapenak bakarrik egin ahal izango direla: Euskal presoen eskubideen alde eta Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira. Egin dezagun bidea.

Grande Marlaska epaileak ohartarazi du ezingo direla presoen argazkiak erakutsi.

Eta Rodolfo Ares Barne sailburuak ere ohartarazi du Ertzaintzak zaintza berezia egingo duela eta Espainiako auzitegiak jarritako baldintzak betearazten saiatuko dela.

Debagoienetik 25 autobus

Momentuz, antolatzaileek iragarri dute ibarretik 25 autobus irtengo direla Bilborako zapatuan.

  • Arrasatetik: 5 (izena emateko Irati tabernan).
  • Bergaratik: 8 (herriko hainbat tabernetan).
  • Oñatitik: 7 (Arrano eta Oñati tabernetan).
  • Aretxabaletatik: 2 (Urbaltz tabernan).
  • Eskoriatzatik: 1 (beteta).
  • Antzuolatik: 1.
  • Aramaiotik: 1 (beteta).
  • Elgetatik: 1 (Haizean, gaztetxean eta udaletxean).

Gehienetan, oraindik ere, izena emateko tokia dago baina azkar ibili beharko dela esan dute antolatzaileek. Eskoriatzatik jendea Leintz Gatzagakora bideratzen ari dira. Eta Aramaiotik, berriz, Legutiora.

Irteera orduak eta tokiak

  • Arrasate: 16:00. Garibai.
  • Bergara: 16:00. Autobus geltokia. 
  • Angiozar: 15:30.
  • Osintxu: 15:30.
  • Oñati: 15:30. Euskadi etorbidea.
  • Aretxabaleta: 15:30. Azbe.
  • Eskoriatza: 15:30. Ohiko lekua.
  • Antzuola: 16:00. Torresoroa.
  • Aramaio: 15:30. Autobus geltokia.
  • Elgeta: 16:00. Herriko plaza.
  • Leintz Gatzaga: 15:15 (gero, Eskoriatzara).

Autobusetarako puntualtasuna eskatzen dute antolatzaileek. Bestalde, adierazi dute Gipuzkoako autobus guztiek Etxebarria Parkean aparkatu beharko dutela.

Pankarta, Ines 'Gose'-k

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, Ines Osinaga Goseko kantaria izango da manifestazioko pankarta eroango duenetako bat. Eta manifestazio osteko hizlarietako bat ere bai. Bestalde, Fermin Muguruzak bi abesti kantatuko ditu eta harekin batera izango dira Iñigo Mugurza anaia, Xabi Slano, DZ (Zigor) eta Jon Tron.

Gara egunkariak beheko infografia egin du zapatuko manifestazioaren gainean. Horra hor informazio zehatz eta praktikoa.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak