
Realekoei igarri zitzaien hiru maila gorago zeudela, biak adinez gazte mailakoak izan arren. Jokalarien kalitatean nabaritu zen hori, batez ere, banakako kalitatean. Eta, horrek, ondorioa izan zuen markagailuan ere. Realekoak, bi goleko aldea zutela joan ziren aldageletara, arauzko 45 lehen minutuak jokatu ostean. Partidu hasieran eta lehen zatiaren amaieran sartu zituzten gol biak. Jokalari batek egin zituen golak, gainera: Maikelek. Bigarrena, polita, benetan, ondo lotutako taldeko jokaldi bati amaiera emanez.
Lehen zatian, gainera, ia erabatekoa izan zen Realaren nagusitasuna, bereziki, Alainek gidatuta.

Mahoizkoak sutsuago
Bigarrenean, ostera, gauzak aldatu egin ziren. Bergararrak sutsuago atera ziren zelaira; zuten guztia ematera. Eta, honela, laster sartu zuten gola, hasi eta berehala. Josu Diezek sartu zuen. Eta, gol horren ostean, etorri ziren, bata bestearen atzetik, beste bizpahiru aukera garbi, berdinketa egiteko. Baloia langara ere bota zuten batean. Baina ez zuten sarea zulatzerik izan.
Hasierako susperraldiaren ostean baretu egin ziren apur bat mahoizkoak. Edo, nagusitasuna errekuperatu zuten Realekoak; baloiaren nagusitasuna, behinik behin. Izan ere, ia kontrolpean izan zuten partidua. Gol aukerarik apenas sortu arren.

Azkeneraino saiatu
Bergararrak, saiatu, saiatu ziren, eta eduki zuten berdinketaren gola sartzeko aukeraren bat edo beste. Azkeneraino borrokatu zuten; ezin, ordea.
Garesti ordaindu zuten, gainera, saiakera; izan ere, partidua amaitzeko zegoela epaileak Gotzon Jimenez kalera bota zuen, kontrario bati sarrera gogorra egitearren eta, ondoren, Man Diaz bergararren entrenatzaileari ere gorria erakutsi zion.


Jende asko eta txuri-urdinez
Nabarmentzea merezi du Ipintzara jende asko batu zela atzo; bezperan baino dezente gehiago, gaztetxoak berezik. Eta, ikusleen artean, elastiko txuri-urdinekin ikusi genituela hainbat neska-mutiko, iluntzean Realaren kopako partidua ikustera Anoetara joateko gertu.
Bittor Alkiza ere bai
Horretaz gain, Bittor Alkiza Realaren gazte mailako harrobiaren zuzendaria ere ikusi genuen, jokalariak gertu-gertutik jarraitzen.
Bestalde, aipatzekoa ere bada, Realekoen atezainak atzo jokatu zuela lehenengo partidua. Williams holandarra da, 1,90 metroko mutiltzarra, eta frogatzeko ekarri dute Realera. Atezain planta, behintzat, badu. Dohainak erautsi beharko ditu hurrengo. Ikusi behar noraino heltzen den.
