UDAko gazteak Bergarako torneoko finalera, Eibarri irabazita

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urt. 3a, 23:58

UDAk finalerako txartela lortu zuen atzo Bergarako gazte mailako Gabonetako futbol txapelketan. Eibarri nagusitu zitzaien aretxabaletarrak (2-0), merezimendu osoz. Eibartarrek barkatu egin zuten lehen zatian, hainbat gol aukera izan zituztelako, eta, bigarrenean, ordaindu egin zuten, Josu Arizmendiarrietak bi gol egin zizkielako eta, ondorioz, txapelketatik kanpo geratu zirelako. Bergara eta Reala izango dira gaur, nor baino nor gehiago, Ipintzan, 17:00etatik aurrera, finalerako txartelaren bila.

Igor Arenazaren mutilek merezimenduz lortu zuten atzo Bergarako gazte mailako Gabonetako futbol txapelketako finalerako sailkatzea. Lehen zatian sufritu egin zuten, eibartarrak gehiago izan ziren eta gol aukera asko izan zituzten, amaiera aldera batik bat; baina, aurrelariak fin ibili ez zirelako edota Asier atezain aretxabaletarra bikain aritu zelako, hutsean amaitu zuten arauzko lehen 45 minutuetan.


Eibar hobeto

Neurtua eta lehiatua izan zen lehen zatia, baina baloiaren jabetza eibartarrena izan zen gehienbat. Hobeto mugitu zuten baloia eta finago ibili ziren erasoko jokaldietan. Gola egitea falta izan zitzaien bakarrik. Arenazaren mutilak, bestalde, saiatu ziren presioa ondo egiten eta batzuetan lortu ere lortu zuten, kontrarioen gain gainean egonez eta, ahal izan zutenean, kontraerasora azkar irtenez.


Atezainak erabakigarri

Baina, benetan erabakigarriak izan ziren UDAkoen bi atezainak; lehen zatikoa, Asier, kontrarioen hiru gol aukera garbi, gutxienez, zapuztu zituelako, merituzko geldiketa bikainak eginez, eta, bigarrenekoa, Letona, partiduaren hondarrean, eta bat eta hutsekoa markagailuan zegoenean, penalti jaurtiketa bat geratu zuelako. Lehen zatian atezainak mantendu zuen bizirik taldea eta bigarrenean erabakigarria izan zen une garrantzitsuenean.


Arizmendiarrietak bi gol

UDAkoen artean, Arizmendiarrieta aurrelaria ere nabarmendu zen. Hark egin zituen-eta bi golak. Bigarren zatia hasi eta berehala lehena, kontraerasoko jokaldi eder bati amaiera ezin hobea emanez eta partidua bukatzeko zegoela, bigarrena sartuz, areaz kanpoko bolea batekin.

Hobeto bigarrenean

Lehen zatian eibartarrak nagusi izan baziren ere, bigarrenean UDAkoak gailendu ziren. Ez zituzten eibartarrek lehen zatian eduki zituzten adinako gol aukerak sortu, baina atzean sendoago ibili ziren partidu osoan zehar, presioa hobeto egin zuten eta erabakigarriagoak izan ziren beste atean. Kontraerasoan, gainera, oso arriskutsuak izan ziren, batez ere Arizmendiarrietari eta Joeli esker.


Gaur, Reala eta Bergara

Gaur, 17:00etan, jokatuko da torneoko bigarren kanporaketa. Bergararrek kontrario zaila izango dute eta, mailari begiratzen badiogu —mahoizkoek baino hiru maila gorago daude txuri-urdinak—, partidu erraza izango da Realekoendako. Teorian, behinik behin. Izan ere, partidua jokatu egin beharko da eta Manu Diazek entrenatzen dituen mutilak ilusio handiarekin aterako dira zelaira. Diazek esan digu jokalari guztiei emango diela jokatzeko aukera.

Finala, bihar, eguena, izango da, 16:00etan, Agorrosinen. Ondoren, sariak banatuko dira.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak