Umeen jolas parkeak egunotan Arrasaten, Bergaran eta Oñatin

Irati Goitia 2012ko urtarrilaren 2a

Etxeko txikienek ondo pasatzeko aukera ugari dituzte egunotan, hainbat herritan antolatu dituzte-eta haur parkeak. Arrasaten, esaterako, bihar hasiko da Txikilandia. Bergaran eta Oñatin ere bai.

Egunotan umeek eskaintza zabala dute ondo pasatzeko eta disfrutatzeko. Bergara, Arrasate eta Oñatin haur parkeak egongo dira aste honetan bihartik hasita.

Arrasaten Uarkapen

Hala, kiroldegiko kantxek eta pilotalekuek ezohiko itxura hartuko dute. Hain zuzen, Uarkapeko pilotalekua prestatzen aurkitu ditugu Txatxilipurdikoak.

Hiru egunetan egingo da Txikilandia. Bihar eta etzi Uarkapen primeran pasatzeko makina bat gauza izango dira: ohe elastikoak, puzgarriak, tailerrak, ludoteka, guraso txokoa… Ordutegia izango da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Urtarrilaren bostean, bestalde, igerilekura joango dira Txikilandiakoak, bertan arituko dira jolasean 11:00etatik 14:00etara. Arratsaldean ikuskizuna izango dute. Lehenengo kalejira egingo dute herriko plazatik irtenda 17:00etan eta 18:00etan Porrotx eta Bonberenea txarangarekin emanaldia izango da gaztetxean. Ikuskizunerako sarrerak Uarkapen egongo dira salgai bihar eta etzi.

Oñatin eta Bergaran ere bai

Bergaran ere bihartik urtarrilaren bostera bitarte izango dute umeek haur parkean disfrutatzeko aukera; Udal Pilotalekuan izango da. Ordutegia da 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Azken egunean, baina, ordubete lehenago itxiko ditu ateak parkeak, besteak beste, Erregeen kabalgata dela-eta.

2 eta 10 urte bitarteko umeendako izango da. Eguneko sarrera 3 euro da eta hiru egunetakoa, 7 euro.

Oñatin ere izango dute salto eta jolas egiteko aukera etxeko txikienek. Izan ere, bihar eta etzi izango da haur parkea Zubikoa kiroldegian. 11:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak