2012ak salneurri berriak ekarri ditu. Hala, oinarrizko zerbitzu nagusien tarifek gora egin dute.
%5eko igoera gas naturalean
Gas naturalaren tarifa arautua bataz beste %5 igotzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Beraz, erdi mailako kontsumoa duen familia batek hilean 57 bat zentimo gehiago ordaindu beharko ditu. Butano-botilaren kasuan, ez da igoerarik izango.
Argindarra mantendu
Argindarraren tarifa ere ez igotzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Beraz, fakturetan ez da igoerarik izango apirilera arte gutxienez.
Hipotekek gora
Hipotekak gora egingo du. Euriborrak, Espainian hipoteka gehien hartzen dituen indizeak, %2arekin itxi du urtea, hau da, martxotik izandako mailarik txikienean. Horregatik, hipoteka abenduko bataz bestekoaren arabera berritu behar dutenei igo egingo zaie hileroko kuota.
Bidesarietan gehiago ordaindu behar
Espainiako Estatuko Administrazio Orokorraren menpe dauden autobideen bidesariak ere garestitu egingo dira; bataz beste, %3,2. Bestalde, Eibar eta Gasteiz lotzen dituen AP-1a, Arabako eta Gipuzkoako aldundiek kudeatutakoa, KPIa, hau da, %2,8 garestiagoa izango da, esaterako.
Trenez, autobusez, tranbiaz eta metroz bidaiatzea ere garestiagoa da atzotik. Gure bailaran zerbitzua eskaintzen duen Lurraldebusetik adierazi digute, baina, autobus zerbitzuaren prezioek ez dutela gora egingo, baina balitekeela urtean zehar igotzea. Iaz, adibidez, uztailean egin zuten gora tarifek.
Inflazioa %2,4an kokatu da abenduan
Erregaiak, bestalde, merkatu egin dira; eta, ondorioz espainiar estatuan inflazioak behera egin du hirugarren hilabetez jarraian. Hala, azarotik puntu erdi jaitsita, %2,4an kokatu da abenduan.