Arratsaldean baino giro hobea egin du goizean korrika egiteko, baina arratsaldez ziren hitzoduak, 16:30ean Oñatin eta 17:00etan Eskoriatzan. Hala, korrika eta bustita amaitu dute korrikalariek urtea. Eskoriatzakoa hitzordu herrikoiagoa izan da, 65 lagunek hartu dute-eta parte proban "Oso gustura geratu gara, helburua herri mailan kirola sustatzea delako", adierazi digu Julen Ezeiza eskoriatzarrak; Oñatin berriz Debagoieneko lasterkari mordoa batu dira, 368 lagun zazpi kilometro pasatxoko zirkuituari aurre egiteko gertu.
Oñatin azkarrenak Ruben Lanz eta Mari Sol Ramos
Lasterketa hasi eta berehala taldetxoa egin da aurrean, eta kanpotik etorritako bi korrikalarik hartu dute agintea, Ruben Lanz legazpiarrak eta Juanjo Igartzabal zumarragarrak. Beñat Arnaitz aretxabaletarra izan da hasierako itzulietan eurei eusteko gauza, baina azken bi itzulietan aurrera egin dute aipatutako bi lagunek, eta azken metroetan aurrera eginda Lanz nagusitu da –Behobia-Donostia proban hamaikagarren izan zen. Emakumezkotan, berriz, Oñatiko korrikalari Mari Sol Ramos izan da onena. ARGAZKI GALERIA
Eskoriatzan, Martin Berrizbeitia eta Aiora Igartua
Eskoriatzan lehenengo bost itzuliak erritmo lasaian egin dituzte korrikalari guztiek, martxa popularrean; Nahi zutenek, berriz, azken bi itzulietan –milia bateko distantzia– nahi beste estutu ahal izan dute. Hala, Aretxabaletako Martin Berrizbeitia eta Eskoriatzako Aiora Igartua izan dira irabazleak.