Easo garaile Ointxek antolatutako txapelketan

Irati Goitia 2011ko abenduaren 29a

Donostiako Easo taldeak irabazi du Ointxe taldeak antolatzen duen Gabonetako saskibaloi txapelketa. Atzo jokatu zuen finala Nafarroako Lagunak taldearen aurka eta Easo 80 eta 65 nagusitu zen.

"Partidua uste baino gehiago korapilatu zaigu, Lagunak oso talde gogorra da. Gainera, atzoko norgehiagokaren nekea ere bagenuen, ez dugu-eta atseden hartzeko denborarik izan". Hitz horiexek esan zizkigun Oskar Lozano Easoko entrenatzaileak partidua amaitu ostean.

Nekeaz hitz egin zuen Lozanok, izan ere, atzoko final handiaren aurretik, partidu benetan gogorra izan zuten Kataluniako Cornella taldearen aurka martitzenean. Sei puntuko aldeagatik nagusitu ziren final-aurrekoan donostiarrak. Hain zuzen, Easo eta Cornella ziren txapelketako faborito nagusiak.

Lopezek esan zuen, baina: "Guk aurkari guztiak errespetatzen ditugu. Egia da, gaurko partiduan 20 puntuko nagusitasuna ere izan dugula eta jokalariek lan ona egin dutela, baina amaieran 10 puntura murriztu digute aldea Lagunakekoek. Gure jokalarien garaieragatik irabazi du lehia."

Easoko jokalariei partiduan sartzea kosta zitzaien atzokoan, eta hala galtzen hasi ziren Lagunaken aurka. Baina gero, jokoa hobetu zuten donostiarrek eta abantaila handia lortu zuten. Atsedenaldira 46 eta 35ko partzialarekin joan ziren, esaterako. Hirugarren laurdenean gainera, nafarrak ez ziren fin ibili saskiratzeetan eta lehen bost minutuetan ez zuten baloia taulan sartzerik lortu. Azken laurdenean korapilatu zitzaizkien zertxobait gauzak Lozanoren mutilei. Izan ere, nafarrek 10 puntura murriztu zuten aldea, baina donostiarrek ondo erreakzionatu zuten. Amaieran, 80 eta 65 adierazten zuen markagailuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak