Aldundiak Udalei bideratzen dien diruaren itzulketa, eztabaida-iturri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 28a

Krisi ekonomikoa hasi zenetik Aldundiak udalei bideratzen dien diruaren itzulketak eztabaida eragin du. Aurten ere, azken urteetan moduan, jasotzea espero zuena baino diru gutxiago jaso du Aldundiak, besteak beste, zergen bidez gutxiago jaso delako. Hori horrela, udalei behar baino diru gehiago aurreratu die eta diru hori bueltatu egin behar da. Horren aurrean, Debagoieneko sozialistek mozioa aurkeztuko dute: foru funtsaren dirua itzultzeko erraztasunik ez jartzea leporatu diote Diputazioari. Diotenez, Aldundiak Debagoieneko udalak ekonomikoki ito egingo ditu itzulketa hori behartuta. Arrasateko Udalaren kasuan, esaterako, 2011ko aurrekontuen itxieran jaso da Aldundiari itzuli beharrekoa baina Aldundiko ordezkariak ez dira oraindik eurekin harremanetan jarri.


2008a ezkero, Gipuzkoako Aldundiak udalei bideratzen dien diruak eztabaida eragin du. Udalei ematen zaien dirua aurreikuspen batzuen arabera egiten da. Hau da, zenbat diru jasoko duten aurreikusten du Aldundiak eta horren arabera dirua aurreratzen die udalei. Egoera ekonomikoa ona zenean ez zen arazorik, baina azken urteetan arazoa sortu da jaso den dirua ez delako aurreikuspenokin bat etorri. Gutxiago jaso da.

Aurreikuspen txarrak

Beraz, aurreikuspenak ez dira egokiak izan: jasotzea espero zuena baino diru gutxiago jaso du Aldundiak, besteak beste, azken urteotan zergen bidez gutxiago jaso delako. Hala, udalei behar baino diru gehiago aurreratu die eta diru hori bueltatu egin behar da.

Diputazioaren arabera, hala gertatu da azken urteetan. 2009an, adibidez, udalek itzuli beharrekoa oso kopuru altua izan zen eta orduan Udalek eta Aldundiak adostu zuten itzulketa hiru urtetan egitea. Arrasaten, esaterako, oraindik azken zatia ordaintzeke dago. Hori posible izan zen Aldundiak horretarako propio aurreztutako dirua zuelako.

PSE-EE: "Udalak ekonomikoki ito"

Debagoieneko PSE-Euskadiko Ezkerrak mozio bat aurkeztuko du 2011ko ekitaldiko itzulketak ere formula horren bidez egin daitezen. Horrez gain, sozialistek foru funtsaren dirua itzultzeko erraztasunik ez jartzea leporatu diote Diputazioari. Diotenez, Aldundiak Debagoieneko udalak ekonomikoki ito egingo ditu itzulketa  hori behartuta.

Diputazioko Ogasun Sailak adierazi digunez, ostera, Aldundiak apenas du aurrezkirik. Diotenez, udalen tamaina berean ari dira pairatzen diru sarrera murrizketa eta une honetan, diote, ezinezkoa da itzulketa hori sozialistek planteatzen duten eran egitea.

Aldundia Udalen egoera berean dagoelako ezin da itzulketa epea luzatu. Hala egingo balitz udalen mesedetan baina Aldundiaren kaltetan jokatuko litzatekeela uste dute, hau da, gipuzkoar guztien dirua egongo litzatekeela jokoan. Gaineratu dute jabetzen direla udalen egoera txarraz eta egoera larrienean dauden udalekin irtenbide bat aurkitzeko lanean dihardute.

Itzuli beharreko kopuru zehatza otsailean

Debagoieneko Udalei dagokienez Arrasatek, esaterako, milioi bat euro pasatxo bueltatu behar du. Iratxe Zeziaga Arrasateko Ogasun zinegotziak adierazi du 2011ko aurrekontuen itxieran jaso dela Aldundiari itzuli beharrekoa. Hala ere, kopuru zehatza otsailean jakinaraziko diete. Zeziagak dio oraindik ez direla eurekin harremanetan jarri. Horrez gain, Udaletan oraindik ez dute sozialisten mozioaren berri.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak