Eguberri zuriak, Hego Polotik 340 kilometrora

Irati Goitia 2011ko abenduaren 26a

Gabon gaua ez zen ospatzeko modukoa izan Naturgas/BBK Transantartika 2011 espedizioarentzat. Izan ere, zapatuan ezin izan zituzten egin 23 kilometro baino gehiago. Atzo, egoerak hobera egin zuen eta 65 kilometro egitea lortu zuten. Espedizioko kideak, tartean da Alberto Iñurrategi aretxabaletarra, pozik dira Hego Poloa gero eta gertuago dutelako (340 kilometro geratzen zaizkie; 1.858 egin dituzte dagoeneko). Hala ere, aitortu dute espedizioan dabiltzan 40 egun hauetako nekea nabaritzen dutela.

Egubakoitzean, haizerik ezean, atseden hartzea erabaki zuten Transantartika espedizioko kideek, indarrak berreskuratzeko. “Ondo etorri zaigu, nahiz eta, eguna oso luzea egin zaigun” azaldu du Juan Vallejok. Zapatuan ere, ez zuten haizerik izan, baina aurrera egitea erabaki zuten, lerak euren indarraz mugituz. “23 kilometro egin ditugu eta azkenean giltzurrunetako izugarrizko minaz bukatu dugu. Hala ere, hemen gaude Gabon kantak abesten” adierazi du txantxetan Vallejok. Atzokoa egun hobea izan zen eta 65 kilometro egin zituzten.

Hego Poloa 340 kilometrora

1.858 kilometro egin dituzte jada eta 340 gelditzen zaizkie lehen helmugarako, Hego Polorako. Mikel Zabaltzak espedizioko kideak nola aurkitzen diren azaldu zuen atzo, telefonoz eginiko konexio baten: “Gero eta animatuago gaude, izan ere, Hego Poloa gero eta gertuago dugu, baina okerrena pilatutako nekea da”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak