Gorripidea alderdiak prentsa ohar baten bidez jakinarazi du "euskal politikan zein arlo sozialetan esperientzia handiko jendez osatutako alderdia" dela eta "bere ideiak eta aktiboak euskal esparru politiko zein sozialean jartzeko eta eragiteko" sortzen dela. Gaineratu dute bizi dugun mundua ekologikoki sostengarria eta justizia sozialduna izatea nahi dutela eta guztien berdintasuna bermatuko duen lekua eraikitzeko eta defendatzeko asmoa dutela. "Izaeraz eta ekinbidez feminista, internazionalista eta munduko herri guztien burujabetasunaren defendatzailea den alderdia izango da Gorripidea", diote.
2012ko urtarrilaren 27an egingo den lehenengo konferentzian emango du ezagutzera bere burua alderdi berriak.