Botikek ez dute gaueko guardia zerbitzurik eskainiko Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abenduaren 23a

Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatzako farmaziek ez dituzte gehiago eskainiko gaueko guardia zerbitzuak. Arrasaten batuko dute zerbitzu hori 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera. Hala eman dute aditzera Gipuzkoako Botikarien Elkartetik.

"2012ko urtarrilaren 1etik aurrera, mediku larrialdi irizpideei jarraituz, gaueko larrialdi farmazia, 22:00tik 09:00ra irekita egongo dena, Arrasaten kokatuko da. Honek esan nahi du, aipatutako datatik aurrera ez dela gaueko larrialdiko farmaziarik izango Oñatin Aretxabaletan eta Eskoriatzan". Halaxe dio oharrak.

Hortaz, Arrasaten, Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, gaueko farmazia larrialdia duten herritarrek, Arrasateko guardiako txandako farmaziara jo beharko dute.

Eguneko guardiak, 09:00etatik 22:00ak arte, orain arte bezala jarraituko dute.

Bergaran ez da aldaketarik izango. Oraingo moduan jarraituko dute.

Gaueko zerbitzu hori, hortaz, Mondragoeko botikek, txandaka, eskainiko dute, orain arte bezala. Aldatzen dena da, zerbitzu hori, Oñatiko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako herritarrei ere eman beharko dietela, aipatu herri horietan ez delako zerbitzua eskainiko.

Gure eskualdean, honenbestez, bi herritan eskainiko dute zerbitzua, gauez, botikek: Mondragoen eta Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak