"Ilusio eta irudimen handiarekin ospatuko dugu Kooperatiben Urtea"

Leire Kortabarria 2011ko abenduaren 26a

Kooperatiben Nazioarteko Urtea da 2012a, Nazio Batuen Erakundeek hala aitortuta. Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak bat egin du horrekin. Konfederazio horretako eta Funko, Euskadiko Fundazioen Konfederazioko presidentea da Javier Goienetxea (Lekeitio, 1960). Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidenteordea eta Erkoop Kooperatiba Elkarteko zuzendari nagusia ere ba da. Hauxe dio: "Kooperatibak ezagutarazteko aprobetxatuko dugu 2012a".

Zer moduz doa dena Kooperatiben Nazioarteko Urtea prestatzeko?
Diru aldetik, ez da unerik onena. Edozein modutan, Konfekoop-en prest gaude, bai; ilusio handiarekin eta irudimen handiarekin ordezkatuko dugu diru falta.
Ekintza nagusietako bat Oñatin izango da, eta Debagoienean beste ekintza asko egingo dituzue, ezta?
Bai. 20 bat ekintza daude, eta bat da Espainian dagoen gizarte ekonomia ikerlarien bilera berezia. Hiru egunekoa izango da, eta Donostian eta Oñatin egingo dute.

Debagoienean ekintza gehiago izango dira: Erkiden daude irakaskuntzako federazio gehienak (%90), eta marrazki lehiaketa bat egin nahi da ikasle guztien artean, eta opariak azaroko ekintza berezi baten banatu. Eta amaiera ekintza gisa, Mondragon Korporazioaren laguntzarekin kongresua egin nahi dugu, eta Pauline Green, munduko kooperatiben lehendakaria etorriko litzateke horra. Egitarau potoloa prestatu dugu, bai.
Konfekoop-en helburuetako bat kooperatibak jendarteari ezagutaraztea da. Ze hutsune ikusten duzue, bada?
Uste dugu jai bezala har ditzakegula gure ekintzak, eta helburu nagusia gure burua ezagutaraztea eta gure ezagutza zabaltzea da. Arrasaten eta inguruan oso ezagunak dira Mondragon Korporazioa eta kooperatibak, baina Euskal Herrian eta Espainian, kooperatibismoa ez da hain ezaguna eta uste dugu gauza batzuk ondo egiten ditugula eta merezi dugula ezagutu gaitzaten.

Debagoienean, folklore antzeko zerbait da: hemendik kanpokoei erakusteko politak dira kooperatibak, baina gure garrantzia ez daukagu barneratuta, eta erakundeek gu hobeto ezagutzea beharko genuke.
Nazio Batuek urte bat eskaini diete kooperatibei. Zer diozu?
Poztasun handiz hartu dugu, eta aukera gisa hartu dugu: aukera urtea aprobetxatzeko, ospatzeko eta ezagutarazteko zer garen eta ze garrantzi daukagun.
Aurten, Kooperatiben Nazioarteko Eguneko ardatza gazteak izan dira: Gazteak, kooperatiba-enpresaren etorkizuna izan da leloa. Betetzen dabil hori?
Gaztea beti da garrantzitsua, etorkizuna delako. Kooperatibista egin egiten da, eta gaztaroak duen indarra aprobetxatzeko aukera dugu: guretako, hori da etorkizuna.
Eta gazteak badabiltza kooperatibetan sartzen?
Gaur egungo egoera ez da errazena, baina hor gabiltza lanean; eta asmoa ba da kooperatibetan jende gehiago sartzea; gehienbat, gazteak.
Konfekoop-ek esandakoa da, gaur egungo krisialdian ere, kooperatibak sortzen dabiltzala. Hala da?
Bai. Aurten, 96 kooperatiba berrirekin eta 200 lanpostu ingururekin bukatuko dugu urtea; 100 sortzea zen asmoa, baina hala ere, kooperatiba gehien sortzen duen erkidego autonomoa izango gara aurten ere. Beste urte baten 100 pasatxo egin ziren.
Zuek esandakoa da ere krisiari nahiko ondo eusten dabiltzala kooperatibak; baina hori da konfederazioko guztien kasua?
Konfekoop-en, garraiolarien federazioa dago, kontsumo federazioa (Eroski, adibidez, horkoa da) eta industria taldekoak; Erkiden, irakaskuntza sailekoak; eta nekazaritza eta elikadurakoak. Krisiak askotariko eragina du, bai. Esaterako, nekazaritzaren egoera lehen ere zaila zen, kostuak handiak direlako eta salmenta prezioak askotan ez dielako konpentsatzen; bada, euren egoera ez da krisiarekin kaskartu. Kontsumoan igartzen da murrizketa bat, eta horrek Eroskin eragiten du. Industrian, eraikuntza oso gaizki dago; automobilgintza, nahiko ondo; jasotzeko aparatuen arloa ere nahiko ondo eusten dabil… Denetarik dago, baina 2012ko egoera zaila ikusten da.
Mondragon Korporazioak 2012an ere zuhurtzia neurriekin jarraituko duela iragarri du.
Konfederazioa ordezkatzen dut, baina Mondragon taldetik nator eta hangoa naiz. Mezu konkretu hori oraingoa da, baina gure asmoa beti horixe izan da, zuhurtasunez jokatzea. Beraz, mezu hori ez da berria, baina egoerak lagundu egiten du.  Egoera zaila da, baina egoera zailari norberak egin behar dio aurre; norberak ondo hartzen badu, hobeto eramateko moduan izango gara.
Ze tamainako kooperatibak, zelakoak daude Konfekoopen?
Erkiden daude kreditu kooperatibak (Lan Kide Aurrezkia eta Iparkutxa), lan elkartekoak (Mondragon Industria Taldekoak: Fagor, Ulma eta beste batzuk; Goizper, Irizar…) eta irakaskuntzakoak (kooperatiba diren ia guztiak, adibidez Arizmendi, Txantxiku eta Aranzadi). Hortaz, esan dezakegu denetariko tamainako kooperatibak daudela.
Eta Konfekoop osoan?
Konfekoopek batzen du Erkide gehi beste hiru Kooperatiba Federazio: Euskadiko Nekazari-Elikagaiena, Kontsumokoena (Eroski da hemen garrantzitsuena), eta Garraiolariena. Guztira, 870 kooperatiba inguru izango ditugu urte bukaerarako, 600.000 bazkide, eta 56.000 langile, eta horietatik 38.000 pasatxo lan bazkideak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak