Euskadiko hotel-establezimenduetan 2.191.629 turista izan dira aurtengo lehenengo 11 hilabeteetan. Horrek esan nahi du 2010ean baino %4,9ko gehiago izan direla, eta iaz euskal hoteletan izandako bisitarien sarrera-markak hautsi ziren. Beraz, beste marka bat hausteko 47.070 turista falta zaizkio Euskadiri, baina espero da kopuru hori erraz gainditzea abenduan. Horixe jakinarazi du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Eustat erakundeak martitzenean argitaratutako datuak emanez.
Bizkaian, aurtengo zenbakiak iazko azaroko zenbakiak baino zertxobait handiagoak dira (%+1), eta Araban, aldiz, sarrera kopuruak gora egiten jarraitzen du: %+7.
Gipuzkoako turismo-sektorearen jaitsiera aztertutako arlo guztietan gertatu da, Eustaten arabera: barruko herrietan (%-15) nahiz itsasaldean (%-8), baita Donostian ere, hiriburuan turisten %8 galdu baita.
Gipuzkoako joera hori urrian hasi zen; izan ere, euskal turismoak orokorrean hobera egin arren (segidako 28 hilabetetan igoerak izan ziren), Gipuzkoako lurraldea %-5 jaitsi zen, Donostiako nahiz barrualdeko eskualdeetako emaitza txarren ondorioz batez ere (%-8 eta %-6, hurrenez hurren).
Ostatu-gauak, %12 gutxiago
Ostatu-gauei dagokienez, emaitzak antzekoak dira. Araba da portaera hoberena duena, %9 handitzen jarraitu baitu; nolanahi ere, lurraldeko gainerako herrialdeetan hiriburuan baino hobekuntza handiagoa izan da (gainerako herrialdeetan %+11, Gasteizen, aldiz, %+8).
Alderdi horri dagokionez, Bizkaiko kopuruak iazko arazoko kopuruen antzekoak dira: 60 ostatu-gau inguru gehiago izan dira, eta kopuru hori oso antzekoa da Bizkaiko eskualde guztietan.
Aitzitik, Gipuzkoak ostatu-gauen %7 galdu du (7.000 baino gehiago), barrualdean (%-12) nahiz Donostian eta itsasaldean (%-5 bietan).
"Nolanahi ere, aurtengo datu globalak bereziki positiboak dira ostatu-gauei dagokienez. Euskadin urtarriletik azarora bitarte 4 milioi ostatu-gau baino gehiago izan dira; horrek esan nahi du 2010eko (markak hautsi ziren urtea) datuekin alderatuta % +5,8ko igoera izan dela", esan du Turismo Sailak.