Alderdi sozialistak ordezkaritza daukan Debagoieneko udaletxe guztietan mozio bat aurkeztu zuen eta bertan argi utzi zuten alderdi sozialistak bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egiten duela. Mozioak, baina, ez dira aurrera atera.
Mozioa
Bada, gaur eta bihar bitartean beste mozio bat aurkeztuko dute. Sozialistek salatzen dute Bildukoek ozen esaten dutela parte hartzea dela euren ezaugarrietako bat, baina gero, ez dutela hori betetzen. "Bildukoek esaten dute eurentzat lehenengo gauza dela herritarren parte hartzea, baina ez da egia" dio Ainhoa Sagarribai Aretxabaletako PSE-EEko bozeramaileak. Hauxe gaineratzen du: "Eurak udalbatzaren zati dira, baina herritarren iritzia jakin nahi badute, jendeak bere iritzia emateko parte hartze bat osatu beharko lukete".
Horrez gain, mozioan sozialistek eskatuko dute baita ere, atez atekoaren kostuak zenbatekoak izango diren zehaztea eta organikoak nora eramango dituzten argitzea. Organikoen garraioak ekarriko dituen kostuen berri ematea ere eskatuko dute.
Bildukoen gutuna
Arrasateko sozialisten egoitzan egin duten prentsaurrekoan beste gauza bat ere argitu nahi izan dute. Sozialistek esan dute oso "larria" iruditu zaiela Bilduk agintea duen udaletatik atez atekoari buruz etxeetara bidali dituzten gutunak alkateak sinatutakoak izan arren, udalbatza guztiaren izenean bidali izana. Eta sozialistek argitu nahi izan dute eurak ez daudela ados atez atekoarekin eta Bildukoek ezin dutela hitz egin udalbatza guztiaren izenean.
Gaineratu dute, zaborra kalean egotea ez dela osasuntsua eta edukiontziekin jendea ondo moldatzen dela. "Edukiontziak adez aurretik ezagutzen dituzte herritarrek, ondo erabiltzen dituzte, askatasuna ematen dute eta gainera gure herriaren aurpegia askoz hobea da".
Bukatzeko, argitu nahi izan dute alderdi sozialistak ez duela inolako obsesiorik Bilduri kontra egiteko, baizik eta apustu egiten dutela birziklapenaren alde eta uste dute atez atekoaren "inposaketarekin" ez dela gehiago birziklatuko eta "eragozpen handiak" ekarriko dituela.