Esadeko adituen iritziz, aurtengo Gabonetan modu "arrazionalagoan" erosiko du jendeak, eta ez hainbeste "unean uneko erabakiak" motibatuta.
Familiek batez beste 600 eta 650 euro artean gastatuko dutela aurreikusten du Bartzelonako negozio-eskolak. 2007an baino %40 gutxiago da hori: orduan, 900 eta 1.000 euro artean gastatzen zuten, batez besteko. Esadeko adituen ustez, batik bat opariak, janari estrak eta aparteko aisialdi ekintzetan txikituko da gastua.
Esadeko Marketin irakasle Gerard Costaren esanetan, zuhurtasun edo gastu txikia egiteko ohitura hori orain lau urte hasi zen, eta "kontsumitzailea nekatuta" dagoela esaten du: "Bere ohitura berriekin erosoago dago, baina nekatuta dago honezkero", esaten du Costak.
Opariak aukeratzeko orduan, praktikoak direnak –burdingintza produktuak edo arropak– erosiko ditugu, Esadeko txostenak dioenez; baita kosmetikoak eta "esperientzia opariak", joera berri bat. Urtean barrena atzeratzen joan garen "sari txikiak" ere egingo dizkiogu gure buruari, hala nola etxeko tresnaren bat ordezkatu.
Era berean, Esadek dio desagertu egingo direla "zabor opariak" edo bazarretan erositakoak; etxetik kanpo ere otordu gutxiago egingo ditugu, eta bidaiak egitekotan, motzagoak egingo ditugu.