1. Haria iruteko, Los Angeleseraino joan zarete. Gertuago ezin?
Haria irun, Lekunberrin irun dugu. Los Angelesen grabatu genuen, Ross Robinson bertakoa delako eta bagenekielako berak kantuok beste maila batera eraman ahal zituena.
2. Eta nolako Haria irten zaizue?
Sentimenduen eta pasioaren mataza deslotzen saiatu gara eta zenbait kantetan lortu dugula uste dut. Bilduma konpletoa iruditzen zait Haria, gure onena jarri dugu bertan.
3. Payola-rekin Espainiako salduenen zerrendan zazpigarrenak izan zineten. Anekdota ala lorpena?
Ez gara zerrendazaleak, baina bada zerbait; ez kopuruagatik, horrek esan nahi duenagatik baizik. Dena dela, gu polizoiak gara barku horretan, inork ez gaitu gonbidatu.
4. Arrakastak, askeago edo lotuago egiten du talde bat?
Iruditzen zait Berri Txarraken izena oso modu errazean lotzen dela arrakastarekin, kasik ukitu peioratibo batekin; edo egiten dugunak “berez” arrakastatsua izango dela iradokiz bezala. Gauzak zeure erara egin eta norbaitengana heltzea, horixe da arrakasta.
5. "Ingelesez kantatuko balute…" Zenbatetan entzun duzue hori?
"Ez litzateke Berri Txarrak izango" erantzuten dugu.
6. Egun zeu zara Berri Txarraken hasieratik dagoen bakarra. Nostalgia momenturik izaten al duzu?
Pena handia sentitu dut taldekide bakoitzak utzi duenean, baina bizitza lehentasun kontua da eta hori errespetatu beharra dago. Asko gogoratzen naiz hiruekin; beti izango dira nire anaia musikalak. Dena den, Davidek eta Galderrek asko eman diote taldeari, hiruko polita osatzen dugula esango nuke.
7. Berri Txarraken gogor, Katamalon leun. Nola erosoen?
Oso sentsazio diferenteak dira. Katamaloren kontzertuetatik jendea pozik eta bihotza hankaz gora irteten sentitu dut. Handia da hori. Berri Txarrakekin esker oneko izatea besterik ez zait geratzen, ez da erreza asimilatzen jendeak taldea nola bizi duen.
8. Noiz jo zenuen pianoa azken aldiz?
Tarteka jotzen dut, gurasoen etxean. Liberazio moduko bat da niretzat.
9. Zure MP3an arakatuz gero, zer aurkitzeak gorrituko zintuzke?
Grabagailuarekin egiten ditudan ahots-oharrak, akaso; Twin Peaks-eko detektibearen moduan, baina esaldi edo riff-ak gordetzen.
10. Musika gora, musika behera. Ba al duzu beste ezertarako astirik?
Lagunek hori esaten didate; batzuetan aitor dut monotematiko xamarra izan naitekeela.
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Ez daukat halakorik eta hobe horretan ez pentsatu; daukaguna daukagu eta horrekin aurrera egin behar..."