Bide luze eta gogorrena ez dago zertan bakarrik egin

Leire Kortabarria 2011ko abe. 29a, 01:00

Heriotzak tabua izaten jarraitzen du gaur egungo jendartean, etxean, kalean, komunikabideetan… eta baita heriotzaren ondorioak ere: geratzen direnen dolua.

Hasierako uneak eta eginbeharrak pasatu eta gero, oraindik bide luzea egin behar dute norbait galdu dutenek, eta bide hori, sarritan, bakarrik egin behar izaten dute, edo euren egoera berean dagoen pertsonarik gabe. Bide hori dolua da, eta beharrezkoa da, baina ez dago zertan bakarrik egin.

Horretan laguntzeko helburuarekin, zenbait elkarte sortu dira. Horietako bat Alaia Gipuzkoa da. Donostian du egoitza, baina Gipuzkoa osoan bere burua ezagutarazi nahi du. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, apolitikoa eta akonfesionala, eta doluan dauden pertsonei zein larriki gaixorik daudenei eta haien senideei laguntzea du helburu. Debagoienean laguntza mota hori behar dutenei ere gerturatu gura dute, eta hemengo boluntarioak ere badituzte.
 

25 urteko esperientzia

Gure artean berria da Alaia, baina beste leku batzuetan ibilbide luzea du. Lydia Boticario Alaiako psikologoak esaten duenez, "Madrilgo Alaiak 25 urtean egiten diharduen lan ona ikusi eta gero, Gipuzkoan gauza bera egiteko jaio da. Gure ibilbideari 2011 hasieran ekin genion, baina oso pozik gaude jaso dugun babesarekin eta dagoeneko lortu ditugun emaitzekin". Koordinatzaile batek, dolu-bideratzaile batek, psikologo batek, bazkide kolaboratzaileek (norbanakoek eta diruz laguntzen duten erakundeek), borondatez diharduten boluntarioek eta erabiltzaileek osatzen dute Alaia.

Dolu konplikatua

Baina zer da dolua, eta noiz bilatu behar da laguntza? Lydia Boticario psikologo eta psikoterapeutaren esanetan, "norbait hiltzen denean, haren gertukoek pena eta min handiz eta hil den pertsonaren falta asko igarriz egiten dute dolua. Hori da ohikoena. Denbora baten ondoren, berriz bizi-proiektuak eta ilusioak izaten dituzte, nahiz eta ezer ez izan berdin". Dolua, normala ez ezik, beharrezkoa ere bada, mina gainditzeko eta norbere burua bizimodu berrira egokitzeko.

Gizonezko bat, negarrez.

"Baina pertsona batzuek dolu konplikatua delakoa dute, izan ere, denbora baten ostean, ez dute dolua gainditu. Baliteke gaixo ipintzea horregatik, edo lanetik bajan egon behar izatea, edo depresio luzea izatea. Horiexek behar dute laguntza psikologiko espezializatua". Horiendako guztiondako zabalik dago Alaia.

Eurengana jo daiteke telefonoz, eta norbere izena eta telefono zenbakia eman. Gero, Lydia Boticariok deitzen die. Hori eta gero, elkarrizketatu egiten du pertsona hori, bera eta bere kasua ezagutzeko eta baloratzeko. Orduan, bere dolurako zer gomendatzen dion esango dio psikologoak. "Pertsona gehienek norbanako gisa deitzen dute, eta ez familian, izan ere, denok doluan izan arren, denek ez dute modu berean bizi izaten", esaten du Boticariok.

Lehen elkarrizketa doakoa da. Gerora ohiko gauza bezala Alaiako erabiltzaile izan behar denak diru-kopuru txiki bat ipini behar du.

"Galerari zentzua eman diogu"

Alaiaren lanaren zutabeetako bat konfidentzialtasuna da. Hori gorde arren, euren esperientziaz zerbait kontatu nahi izan digute Gipuzkoako erabiltzaileek. "Denetariko galerak izan ditugun pertsonak gaude: seme-alabaren bat galdu duten gurasoak, ama galdu duten alabak, eta bikotekidea edo anai-arrebaren bat hil zaienak".

Borondate onez ingurukook esaten dituzten gauzek ez dute laguntzen: "Senideek eta lagunek lagundu nahian esaten zigutenaz gogaituta geunden: kemena izan behar duzu, zure aldetik ipini behar duzu, denborak dena sendatzen du… Alaian berba egiteko, negar egiteko, isilik egoteko eta gure senidea gogoratzeko lekua topatu dugu", esaten dute. "Espezialista batek lagunduta, doluaren faseetan aurrera egin ahal izan dugu. Orain badakigu gure bizitza ez dela lehengora bueltatuko, eta gure senideak beti izango ditugu oroimenean eta bihotzean, baina bizitzan aurrera jarraitu ahal izango dugu, gure galerari zentzua emanda".

Doluan trabatuta, aurrera ezin eginda daudenei, Alaiara jotzea gomendatzen diete erabiltzaile horiek: "Gutako batzuek uste zuten oraindik okerragoa izango zela egoeraz hitz egiteagatik, baina justu kontrakoa da. Etorri izan ez bagina, ezin izango genukeen dolua gainditu. Barruan geneukan errua, amorrua eta ezintasuna atera ahal izan ditugu".

Herri guztietan zabaldu

Astia eta laguntzeko gogoa duen edozein izan daiteke Alaiako boluntario. Horretan dabil Unai Bergaretxe arrasatearra. Ospitaleetan reikia egiten du eta alde horretatik laguntzeko aukera zuela ikusi zuen, izan ere, Alaiak gaixotasun larriak dituztenei ere laguntzen die. Boluntarioek orain elkartea ezagutarazi nahi dute, izan ere, Bergaretxek dioenez, "denok ezagutzen ditugu egoera horretan daudenak, eta askok ez dute Alaiaren berri". Debagoieneko pare bat familia jarri da eurekin kontaktuan, "baina gehienek lehendik ezagutzen zuten Alaia", dio Bergaretxek. Bailaran eta Gipuzkoa osoan zerbitzua hedatu nahi du Alaiak, eta, jendea batu ahala, tokian tokiko taldeak ere sortu.

-------------------------

Lydia Boticario, Alaia taldeko psikologoa

Lydia Boticario psikologo eta psikoterapeuta.

"Heriotza bat gainditu ez duen edozeinen kasua entzungo dugu"

Alaian lan egiten duzuenok egoera latzak topatuko dituzue, ezta?
Bai, pertsona batzuk egoera benetan gogorrean izaten dira bere senidea hil den moduagatik (umeak, bat-bateko heriotzak, istripuak, suizidioak, e.a.). Kasu horietan zein beste guztietan, lehenengo laguntza pertsona horri entzutea da, emozioak askatzen uztea eta ze premia eta ze euskarri dituen ikustea.
Boluntarioei ze on egiten die lanak?
Oso lan aberasgarria da, eta gustura daude laguntza behar dutenei laguntzen dabiltzalako. Boluntario batzuek norbaiten heriotza jasan dute, eta gaur egun sentsibilitate handia dute sufrimendu horren inguruan.
Eta zeuri?
Pertsona hobeto dagoela eta bere bizitzari berriz eutsi diezaiokeela ikusteak poztu egiten nau. Gertuko norbait hiltzen zaion pertsonari baloreak eta lehentasunak aldatzen zaizkio. Hori dena erakusten didate pertsona horiek.
Ezer gaineratu nahi duzu?
Bai. Gertuko norbaiten heriotza gainditu ez duela sentitzen duen edozeini dei egin nahi diot Alaia elkartearekin harremanetan jar dadin; berdin da heriotzetik denbora luzea pasa bada ere. Deia bueltatuko diegu eta euren kasua entzungo dugu.

 

Alaia Gipuzkoa.

Alaia taldearekin harremanetan jartzeko:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak