Langabezia puntu bat txikitu nahi du Jaurlaritzak 2012an

Leire Kortabarria 2011ko abenduaren 20a

Enplegu Sailak "gutxienez puntu bat" txikitu gura du Euskadiko langabezia tasa (gaur egun, %12) datorren urtean, eguerdian Gemma Zabaleta sailburuak eta Idoia Mendia gobernu bozeramaileak aurkeztu duten Enplegurako Euskal Estrategiaren bidez. 2014rako, langabezia tasa %8aren azpitik kokatu nahi du Eusko Jaurlaritzak.

Enplegurako Euskal Estrategia onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. 2011 eta 2014 arterako da, eta "enplegurako politika aktiboen aterkina eta EAE osorako erreferentea izan nahi du", arduradunen hitzetan. Lanbideren Ekintza Plana estrategia horren barruan dago, eta honako lerro nagusiak izango ditu:

  • Hezkuntzan orientazioa eta formakuntza bultzatzea. Lanbidek 72.000 lagun baino gehiagori formakuntza emango die. Horietatik 32.000 langabeak izango dira, eta gainerakoak, langileak. "Lehenengo aldiz, %75ek formakuntza egiaztagarria jasoko du", esan du Gemma Zabaletak. Sailburuak honako datua eman du: erregistratutako 25 urtetik beherako 15.367 langabeetatik gehienek, %73ek ez dute batxilergoa gainditu.
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzaren Prestazio Osagarria Lanbidek kudeatzea. Gemma Zabaletaren esanetan, "DBEren onuradunek (pentsiodunak salbu), gazteek eta EREek eragindako langileek izango dute lehentasuna lekuan lekuko enplegu planetan". 
  • EAEko bereziki kaltetutako 9 lekutan ekintza planak aurrera eramango dira urtarrllaz geroztik. Enplegu plan hori "EAE osora" zabaldu nahi du Enplegu Sailak.
  • Enplegu programak eta enplegurako formakuntza programak kudeatu, Lanbideren bitartez.

2014rako, dena 'berdea'

Bestalde, 2011-2014 Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdea delako dokumentua ere onartu du Gobernu Batzordeak. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzak eta bere sail eta sozietate publikoek ingurumen irizpideak kontuan hartu beharko dituzte, gero eta gehiago, egiten dituzten erosketa eta kontratazioetan. 2014rako, erosketa eta kontratazio guztiak "berdeak" izan daitezen nahi du Eusko Jaurlaritzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak