Gabonetan eguraldi lehorra eta eguzkitsua izango dugu

Maider Arregi 2011ko abenduaren 20a

Euskalmet Euskal meteorologia agentziak, neguko eta Gabonetako eguraldi iragarpenak egin ditu. Gabonetan eguraldi lehorra eta eguzkitsua izango dela nagusi aurreratu du. Neguan, abenduaren 22an sartuko gara, goizeko 06:00etan. Neguko iragarpenari dagokionez, EAEn tenperaturak ohikoak izango dira eta prezipitazioak ohiko baloreen azpitik egongo dira. Jarraian xehetasun guztiak:

Gabonetarako iragarpen berezia

Euskalmet: "Abenduaren 24a giro motel samarrarekin hasiko dugu eguna, lainopean eta euri apur batekin, baina hobetzeko joera hartuko du. Presio altuen eraginpean geratuko garenez, hilaren 24an, arratsaldetik aurrera eta Eguberri-egunean eguraldi lehorra eta eguzkitsua izango dugu. Antizikloiaren babesean egonkortasuna handia izango denez, behe-lainoa erraz asko sortuko da eta zenbait puntutan luze iraun dezake, bereziki Arabar Errioxan. Tenperaturari dagokionez, urtearen sasoirako ohikoa izango da; Eguberri-egunaren goizaldea hotza izango da, barnealdean izotz txikia egingo du, zenbait puntutan izotz handia botatzeko arriskua egongo da. Larunbata, hilak 24: Motel antzean hasiko dugu eguna, lainotuta egon ez ezik, euri txikia ere egin dezakeelako. Hala ere, goizean zehar jasotzera egingo du eta arratsaldean eguzki giroa gailenduko da. Tenperatura epelenak 10º eta 15ºC artekoak izango dira kostaldean, 10ºC-koak barnealdean. Gauean aldiz, termometroa 10 ºC-ra jaitsiko da kostaldean eta 5ºC-ra barnealdean. Igandea, hilak 25: Zeru urdinean eguzkia jaun eta jabe izango da. Hala eta guztiz ere, goizean goiz behe-lainoak hainbat lautada estaliko du eta zenbait puntutan egun osoan zehar ez jasotzeko arriskua egongo da, bereziki Arabar Errioxan. Eguna hotzarekin hasiko dugu, barnealdean izotz mugatik jaitsi daiteke termometroa eta kostaldean 5 ºC-ra hurbilduko da. Eguneko tenperatura goxatu egingo da, eguzkiaren presentziarekin eta hego ukituko haizearekin, 10º eta 15ºC artean errendituko da termometroa kostaldean eta 10 ºC-ren bueltan barnealdean".

Epe ertaineko neguko iragarpena

Euskalmet: "Urtaroko iragarpena EAErako analisien arabera, Ipar Amerikako Zerbitzu Meteorologikoak (NWS/NCEP) Europa mailan emandako datuena, EAEko negua ohikoa izan daiteke, irregulartasun handirik gabe, ohiko parametroetan bai tenperaturetan, bai prezipitazioetan. EAErako analisien arabera, Britainia Handiko Zerbitzu Meteorologikoak (Metoffice) Europa mailan emandako datuena, EAEko neguan prezipitazioak ohikoak baina baxuagoak izan daitezke, eta tenperaturak ez du irregulartasun esanguratsurik izango. Beraz, bi iturri horiek kontuan hartuta, esan dezakegu EAEko neguan tenperaturak ohikoak izan daitezkeela eta prezipitazioak ohiko baloreen azpitik egongo direla. Urtarrilean normalean baino prezipitazio gehiago egon daitezke, eta zirkulazioa zonakakoa izango da. Horrek fronte aktibo asko ekarriko lituzke eta egun euritsuak eta tenperatura leunak utziko ditu, baina, noizbehinka, polotik datozen haize masa hotzagoek ere eragin dezakete geurean. Otsaila eta martxoa, aldiz, Europako Hegoaldea hartuko duten presio altuak direla eta, lehorrak izan daitezke, eta ez da prezipitaziorik egongo denbora tarte luzeetan. Eguraldi antizikloiko honek, otsailean bereziki, barnealdean izozteak eta lainoa ekar ditzake. Bukatzeko, urtarrilak prezipitazio asko eta, noizbehinka, ipar polotik datorren hotza izango du; otsailean eta martxoan, aldiz, eguraldi antizikloikoa eta lehorra nagusi izango da. Hori dela eta, negua, oro har, lehorra izango da eta tenperatuak ohiko baloreetan egongo dira.

Epe ertainerako iragarpena: Negua 22an, goizaldeko 06:00etan, hasiko dugu eta presio altuak izango dira nagusi, baina eragin gutxiko fronte bat presio altuetan sar daiteke; horren ondorioz, prezipitazio ahulak izango ditugu 23ko azken orduetan eta 24ko lehenengo orduetan. Presio altuak indartu egingo dira eta Gabonetan eguraldi lehorra eta eguzkitsua nagusi izango da eta horrela jarraituko du 28ra arte. Kontuan hartu behar dugu horrek lehenengo orduetan eta gaueko orduetan izozteak eta laino iraunkorrak ekar ditzakeela. Abenduaren 28tik aurrera, zalantza egoera nagusituko da, baina litekeena da urte amaieran eguraldi antizikloikoa izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak