Gipuzkoako sendagileen elkarteak Arrasate, Oñati, Eskoriatza eta Aretxabaletan eskaintzen zituen txandakako hiru larrialdi farmaziak Arrasaten bateratuko ditu. Beraz, urte berria estreinatzeaz bat ez da larrialdi farmazia zerbitzurik egongo Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatzan.
Bergaran orain arte moduan
Bergaran, berriz, orain arte moduan funtzionatuko du. Hau da, urte osoan zehar txandakako larrialdi farmazia bat zabalik egongo da gaueko hamarretatik goizeko bederatzietara. Horrek esan nahi du Antzuola edo Elgetako herritarrek Bergaran eta Arrasaten izango dutela zerbitzua.
Gipuzkoako sendagileen elkartearen arabera, zerbitzua Arrasaten zentralizatzearen arrazoia da gainerako herrietan eskaria oso baxua izan dela orain arte. Neurri logikoa da, datozen datuei erreparatzen badiegu. Oñatiko San Lorentzo auzoko farmazian emandako datuen arabera, azken bost hilabeteetan Oñatin 44 pertsonak erabili dute zerbitzua. Bataz beste bi erabiltzaile eskas hilero.
Aretxabaleta eta Eskoriatzan, berriz, 20 erabiltzaile izan dira azken bost hilabeteetan. Hau da, bataz beste hilean erabiltzaile bat egon da.
Urgentzia medikua dagoen lekuan eskaintzea
Helburua da urgentzia medikua ematen den herriarekin bateratzea larrialdi farmazia zerbitzua. Izan ere, azken bost hilabeteetan Arrasaten 675 erabiltzaile izan ditu zerbitzuak, ospitaletik botika eskatzera zuzenean joan direnak. Beraz, hilean 17 erabiltzaile inguru izan dituzte bataz beste.