Barre eta zer pentsa ugari eragin ditu Toberak, lepo betetako Amaia antzokian

Bergarak Arrasateri egindako salaketengatik antzeztutako epaiketan, "lehen garbigailuak Bergaran egin zirelako eta ez Arrasaten" bezalako argudio barregarrien artean, giza balioak albo batera utzita kooperatibismoa ekonomiaren nondik-norako soiletara makurtu izana bezalako autokritikak utzi zituen ikuskizunak. Mikel Irizar, Ainhoa Agirreazaldegi Eneko Barberena eta Kepa Errasti izan ziren aktoreen artean, baina baita Arrasaten eta Bergaran, besteak beste, makina bat saltsatako piper eta gatz izan ohi diren hainbat lagun ere. Antzezlana Goiena telebistan ikusi ahal izango da, urtarrilaren 1ean, 15:00etan eta 22:00etan.

Ilara luzeak egin ziren Amaia antzoki kanpoaldean Debagoieneko lehen Tobera ikusteko. Jendea kanpoan ere geratu da barruko aforoa bete delako. Iparraldeko garai bateko tradiziotik ekarritako herri antzezlan satirikoak bailarako herri guztietako jendea erakarri zuen, tartean baita aurpegi ezagunak ere, udal kudeaketakoak –hainbat alkate eta izandako– eta kultura arloko jendea, Juan Martin Elexpuru, Patxi Goikolea eta Jokin Labayen, adibidez.

Bideo bidez entzun eta ikusi ahal izan ziren Aitor Sarasuaren bertso batzuen bitartez hasi zen Bagara ekimenak prestatutako ikuskizuna. Eta bertsoekin aurreneko barreak eta saio osoan behin eta berrizkoak izango ziren hausnarketarako gonbiteak.

Bertsoak amaituta agertokian ziren, besteren artean, Arrasateko herria ordezkatzen zuten “garbigailu eta hozkailu arimadun” bi akusatuak, epailea –Mikel Irizar–, bergararren aldeko fiskala –Ainhoa Agirreazaldegi–, arrasatearren abokatua –Eneko Barberena–, bi aldeetako lekukoak, zinpekoen epaimahaia –Pello Zabala eta Manex Agirre, besteak beste– eta nazioarteko begiraleak. “Eta hor goian On Jose Maria Arizmendiarrieta”, esan zuen Irizar epaileak aurkezpenean.

Epaiketaren nondik norakoak azaldu zituen Irizarrek eta, ordurako antzezlanean bete-betean sartuta, adierazi bergararren eta arrasatearren arteko lehiak kalte egiten diola bailararen garapenari.

Fiskala hasi zen gero Arrasateren kontrako argudioak ematen: kooperatibismoak balio kultural eta sozialak albora utzi izana, Arrasateren gehiegizko zentralitatea eta Euskal Herriko zortzigarren hiriburu izateko nahia, bailara izaera garatzeko nahikoa ez egitea,... “Herri honetan aparkatzerik ez dagoela ere bai”, bota zuen fiskalak, jendearen barreak eraginez. Autobusa erabili behar dela erantzun zion arrasatearren abokatuak bere txandan, eta gaineratu Arrasatek kokatu duela Debagoiena Euskal Herriko mapan.

Bi aldeetako lekukoen txanda izan zen gero: Bergarakoek fiskalaren argudioak berretsi zituzten beste hainbat adibide jarriz, eta lekukoetako batek –Enaitz Alustiza– Ainhoa Agirreazaldegiren puntuari bertsoz erantzunez egin zuen gainera. “Handikeria gutxiago eta elkarlan gehiago” eskatu zien arrasatearrei. “Arrasatearrak beto aztertzen zenbat gradura egon behar duen hozkailuak xanpaina hozteko: xanpaina hozteko hozkailua hotz egon behar da”, bota zuen beste batek. "Tostoiak biguntzeko hiru urtez kafesnetan beratzen" egon behar direla esanez defendatu zen Arrasatekoen abokatua. Gizartearen garapena eta eredugarri den sistema ekonomikoa garatu izana argudiatu zituen abokatuak Arrasateren alde.

Arrasatekoen lekukoetako bat izan zen Amandre Santa Ines, baina honek ere, herriaren zenbait bertute goraipatu ostean, autokritika eskatu zuen eta gazteak iraultzara deitu. Almeneko bi ikaslek ere egin zuten lekukotza, eta salatu Arrasatek “panpin moduan” darabilela Aretxabaleta. Bergara moduan eurak ere minduta agertu ziren Arrasateren “expansionismoarekin”, eta akusatuek erantzun zuten “Gellao Eskoitza da” zioen pankarta aterata.

Arrasate eta Bergararen arteko lehia antzeztu arren, ikuskizun osoan behin eta berriz egin zituzten erreferentziak gainerako herriekikoak eta haietako ezaugarri nahiz pertsonaiekikoak. Arrasateko eta Bergarako, bietako otxote banak ere hartu zuten parte saioan, bakoitzak bere herriaren defentsan.

Pitxuren idatzi bat irakurriz (Zuberotarra ezin izan da Arrasaten egon gaixotasun batengatik) Zuberoari keinua egin eta gero, zinpekoen epaimahaiak epaia eman zuen, eta ebatzi Arrasate errudun dela: “Debagoiena osoa ordezkatuko balu legez jokatzen duelako sarri, garapen ekonomikoa lehenestearren humanistikoaren kaltetan eta lehen garbigailua Bergaran egin zelako eta ez Arrasaten”. Nazioarteko begiraleek berretsi egin zuten epaia. Horiek guztiek, epaile, akusatu eta akusazioarekin, denek batera kantuan amaitu zuten ikuskizuna, “Bizi bedi Euskal Herria” abestuz.

Publikoak txaloz eskertu zuen aktoreen eta lantaldearen ahalegina. Gustura atera ziren ikusitakoarekin, eta hobetzekoak ere badirela aipatuz. Egongo da aukera, litekeena da-eta Debagoieneko lehenengo Toberak bigarrena ekartzea atzetik. Nor izango den hurrengo herri akusatua argituko da aurrerago. Momentuz, eta Arrasatek bete beharreko kondenaren parte, Bergaran plaka bat jarriko da lehen labadora Bergaran egin zela aitortzen duena.