Hondakinen arazoari irtenbideak emateko "zero zabor filosofian" sakontzen joan behar dugula adierazi du Martin Garitanok: "Hondakinak gutxitzea eta selektiboki biltzea da bidea. [...] Bidea luzea izango da, baina urrats esanguratsuak emateko garaia dugu eta emango ditugu".
2012ak ere ekarpen baikorrak ekarriko dituela uste du Ahaldun Nagusiak, baina erronka zailak ere ikusten ditu parez pare: "Hor dago pairatzen dugun krisi ekonomiko latza eta baita oraindik horrenbeste sufrimendu sortzen duen gatazka politikoa". Biei ere indar eta konbikzio handiarekin egingo diela aurre esan du.
Gatazka politikoari dagokionez ezinbestekotzat ematen du herriari hitza ematea; aurrerapausu garrantzitsuak eman diren arren, horixe da falta dena bere iritziz: "Behingoz herriari hitza eman, hori baita berriaren gehiengoak nahi duena, hori baita errespetua, demokrazia, bizikidetza, askatasuna eta bakea".
Gutuna amaitzen du esanez bidearen lehenengo metroak besterik ez dituztela egin eta hurrengo erronkei ilusioz egingo dietela aurre, tartean, aldaketa fiskalean urrats berriak, Pasaiako badia eta "Kutxabank benetan eraginkorra eta elkartasunezkoa sortzea eta bermatzea".