Arrasate Musikalek Kulturateko Jokin Zaitegi aretoa aukeratu zuen bere kontzerturako. Ordu beteko saioa izan zen, arina eta ondo prestatua, eta aretoa bete egin zen ikasleei entzuteko. Gabon kantak eta bestelakoak alternatu zituzten, eta nabarmena izan zen zenbat musika-instrumentu erakutsi zituzten: biolina, baxua, bateria, gitarra elektrikoa, fagota, pianoa, saxofoia, akordeoiak… Hiru taldek eta hainbat bakarlari eta bikotek jo zuten.
Bergarako musika ikasleek pilotalekuan jo zuten, hura ere jendez lepo. 300 bat ikasle ibili ziren, eskolako talde guztiak, hain zuzen. Berritasuna izan zen trikitilarien talde handiagoa, Jarduneko eta musika eskolako taldeen bategitetik sortua. Marije Ugalde zuzendaria oso pozik agertu da emaitzarekin: "Oso maila polita eman zuten ikasleek", esan digu. Emanaldia bukatzeko, denok batera hiru Gabon abesti eskaini zituzten.
Bailarako beste herrietako ikasleek ere euren emanaldiak egingo dituzte:
- Antzuolan, astelehenean egingo dute, Torresoroan, 19:00etan.
- Aretxabaletan, Leizarra musika eskolakoek martitzenean, hilak 20 egingo dute, Arkupeko Zaraia aretoan, 17:30ean eta 19:30ean.