Gabonei ere neurria hartuko diete familiek

Leire Kortabarria 2011ko abenduaren 19a

Aurtengo Gabonak ere ahalik eta alaien eta ondoen emango dituzte Debagoieneko familiek, eta, egun batzuetan, gastuari urtean zehar baino gutxiago begiratuko diote.

Erosketak azken urteotako bidetik joango direla aurreikus daiteke. Hala, gutxiago gastatzeko joera orokortu da azken urteotan, krisia hasi zenetik, baina Gabonetan jende gehienak ahalegin ekonomiko berezi bat egingo du.
Debagoiena ez da salbuespena izango horretan.

Deloitte aholkularitza enpresak egindako Gabonetako kontsumoaren gaineko ikerketaren arabera, Hego Euskal Herriko eta Espainiako familia bakoitzak, batez beste, 668 euro gastatuko ditu, iaz baino %1,98 gehiago (orduan, 655 zen batez bestekoa). Hiru urtean lehenengo aldiz handituko da Eguberri jaietako gastua. Espainia krisian sartuta egon arren, gehien gastatzen duen Europako laugarren herrialdea izango da aurten.

Opari pratikoaren bila

Gastu handiena oparietan egiten dute kontsumitzaileek: Deloitteren datuen arabera, aurrekontuaren %59. Dena dela, ohiturak zertxobait aldatu dira azken urteotan. Deloitte enpresaren txostenak dioenez, kontsumitzailea opari praktikoaren bila joaten da, eta "ia guztiz desagertu da behar ez diren gauzak erosteko joera". Resusta Karrikirri opari, altzari eta dekorazio dendako Arantza Arantzabalek ere ikusi du hori: "Etxerako gauzetan, opari praktikoen bila etortzen dira asko: batek manta bat enkargatu zigun aurrekoan; aldizkariak gordetzeko altzaria, aiztoa eta bere taula… Etxetik joan berri den batek beharko dituen gauzak oparitzeko aprobetxatzen dute", esaten du. Baina, horrez gain, "beste batzuek gutiziagatik, kapritxoz ere erosten dute".

Arantza Arantzabal, Resusta-Karrikirri dendakoa.

Arantzabalen esanetan, oraindik ere "krisia igartzen da, eta iaz nabaritu zen: jendeak ez zituen gauza garestiak erosi nahi, merkeagoak gurago zituen". Aurrekontu txikiagoei oso ondo doakien ohitura bat ere ikusi du: "Jende askok lagun ikusezina delakoa egiten du. Dena dela, nire ustez, hori jolasteko egiten dute, eta gero opari serioagoa erosten dute".

Arropa-dendako ugazaba Jorge Markiegiren esanetan, jendeak itxoin egiten du opariak erosteko: "Normalean, abendu erdialdean hasten dira Olentzerotarako opariak erosten".

Markiegi dendako Jorge Markiegi.

Dekorazioa, gogora ekartzeko

Arrasateko dendari horren iritziz, "aurten iaz baino gehiago igartzen da krisia; jendeak bereganatu egin du kontsumoaren gainbehera, eta hala gertatzen ari da. Hala ere, Gabonetarako jendeak aparteko gastutxoa egiten du".

Salmentak ez dira lehengoak bezalakoak: "Gehienek jertseak, alkandorak… aukeratzen dituzte. Krisi aurretik, gehiago erosten zuten", esaten du Jorge Markiegik.

Gabonetako apaingarriek zertxobait laguntzen dute: "Dekorazio horrekin, behintzat, Gabonak datozela akordatzen da jendea".

Kiroletako artikuluak saltzen ditu Maite Iglesiasek, eta berak esaten duenez, jendeak gastatzen du, "baina oparia norendako den begiratzen dio: mutil edo neska-lagunarendako baldin bada, gehiago gastatzen du koinatuarendako edo amaginarrebarendako bada baino. Bikotekidearendako denean, jendeari ez zaio axola gehiago gastatzea", esaten du.

Maite Iglesias, Arrasateko bere dendan.

Iglesiasen iritziz, dena dela, "krisia oraindik igartzen da, bai. Promozioek-eta asko laguntzen dute".

Euskarazko jostailuak

Deloitteren Gabonetako kontsumoaren inguruko ikerketak dioenez, opari desiratuenak liburuak dira: kontsumitzaileen ia erdiek (%48) gura dituzte. Bigarrenak arropa eta zapatak dira (%42), eta hirugarrenak, dirua (%39). Baina gehien erosten den oparia lurrinak eta kosmetikoak dira (erosleen %56ek aukeratzen dituzte); bigarrenak, arropa eta zapatak (%43), eta hirugarrenak, liburuak (%41).

Umeendako opariei dagokienez, erosleen %39ek eskola-aurreko adinetako umeendako jostailuak erosten dituzte; bigarren erosienak jokoak eta puzzleak dira (%29), eta gero, panpinak (%23).

Nerabeendako, bideo-jokoak erosten dira gehien (%22); gero, liburuak (%12). Balore hezitzaileak dituzten jostailuak gero eta gehiago saltzen dira eta horiek izango dira aurtengo izarrak. Aukeratutako jostailua edo jokoa aukeratzen dela, euskarazko eskaintza dagoeneko oso zabala da, eta urtetik urtera handituz doa.

Janaria, iaz bezala

Bigarren gastu handiena jatekoetan egiten dute familiek: aurrekontuaren %27, hain zuzen. Jose Mari Salegi harakinaren esanetan, salmentak "iazko bidetik joango dira". Eta iaz, hemendik joan zen: bildotsa, txuletak, entrekota, azpizuna, "xerra onak ere bai, eta antxume eta txerrikumeren bat ere saldu zen. Baita baserriko oilasko dezente ere", esaten digu.

Jose Mari Salegi harakina.

Txarkuterian, solomo iberikoa, beso iberikoa eta "pate onak" saltzea espero du Salegik, iaz bezala. Ondorioz: "Gabonetan ondo saltzen dugu eta poliki lan egiten dugu. Egia da orain bospasei urtetik hona kantitate txikiagoa erosten duela jendeak, baina Gabonetan ahalegintxoa egiten dute eta genero ona erosten dute", esaten du harakinak.

Arraina eta itsaskia ere erosiko ditugu aurten. Itsaskia ez hainbeste, dena dela; hori diosku, behintzat, Elgetako Amagoia Irazabal arrain-saltzaileak. "Legatza asko erosten didate; txipiroiak ere bai, krabarroka (kabratxoa), txirlak, bakailaoa saltsan egiteko… horiek ere bai", esaten digu.

Amagoia Irazabal, Elgetako bere arraindegian.

Gabonetarako, aurten "iaz bezala" saltzea espero du. "Familiek zertxobait gehiago gastatzen dute Gabonetan, baina bere neurrian". Hori bai, "arraina fresko jateko erosten dute; ez dute izozten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak