Aliantza horren ondorioz sortu den enpresa berria Alpha Maier Pvt. Ltd. da, eta plastikozko pieza eta multzo apainduak hornituko ditu automobilgintzaren sektorerako. Alpha Maierrek Indiako merkatuan erreferentziazko hornitzailea izan nahi du, datozen urteetan hazkunde tasa handiak espero direla kontuan hartuta.
Enpresak bost milioi euro baino gehiago inbertitzea aurreikusi du, eta dagoeneko hainbat proiektu dauzka hornitzen hasteko, horien artean Indian automobilen fabrikazioan liderra den Maruti Suzuki etxerako, baita beste etxe batzuetarako ere (General Motors, Honda, Nissan eta Peugeot-Citroen), zeinekin lehenagotik ere Europan lotura komertzial handiak dituen.
Datorren 2012ko ekitaldian, Alpha Maierrek 4 milioi euro inguru fakturatzea espero du, eta urtearen amaieran gutxi gorabehera 90 enpleguko plantilla izango du.
Hasi dira piezak egiten
UM Group Indiako korporazio oso dibertsifikatua da, eta hainbat sektoretan dihardu, hala nola energia, automozioa edo elektrizitatea banatzeko ekipamenduak. Maierrek korporazioaren automozioaren jarduerarekin hitzartu du aliantza, eta dagoeneko hasi da atzerako ispiluak, klaxonak eta tresnen panelak ekoizten, beraien zirkuitu inprimatu eta guzti.