PPk eragotzi egin du Amaiurrek taldea izatea Espainiako Kongresuan

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abenduaren 16a

PPK ez du nahi izan Amaiurrek taldea izatea Espainiako Kongresuan eta parlamentuko mahaiko zerbitzu juridikoek atzera bota dute Amaiurren eskaria. PSOE eta CIU abstenitu egin da, baina PPk du gehiengoa mahaian eta hark egin du aurka. Talde Mistoan jardun beharko du, beste 6 alderdirekin batera.

Espainiako Kongresuko zerbitzu juridikoen txosten batean oinarrituta hartu dute erabakia . Txosten horrek dio Amaiurrek ezin duela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sei diputatuekin taldea osatu, koalizio horrek Nafarroan ez duelako araudiak dioen botoen %15 eskuratu .

Sabino Cuadra Nafarroan aukeratu zuten diputatu, botoen %14,86 lortuta, baina ez zuen kargua hartu astelehenean Kongresuan eginiko saioan.

Amaiurren "amarrua"

Mahaiak dio Sabino Cuadra ez aurkeztea Amaiurren "amarru" bat dela. Txostenak dio taldea osatu nahi bada, aintzat hartu behar direla alderdia aurkeztu den barruti guztietako emaitzak. Hau da, alderdiei dagokiela taldea osatzea eta ez diputatuei.

2004an, ostera, Kongresuko mahaiko zerbitzu juridikoek esan zuten taldea osatzeko diputatuek duten eskubidea lehenetsi behar dela.

Amaiurrek esan du, haiek taldea ez izateko erabakia "politikoa" izan dela, eta bide guztiak agortuko dituztela taldea osa dezaten.

Talde Mistoan

Talde propiorik ezean, Talde Mistoan jardun beharko du Amaiurrek, beste alderdi batzuekin batera. 17 kidek eta 7 alderdik osatuko dute Talde Mistoa: Amaiur, ERC, BNG, CC, UPN, Compromis eta Geroa Bai.

UPyDk bai izango du taldea, Foro Asturiasek bere diputatua prestatu dioelako hala izan dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak