San Pedroko lanei buruzko erakusketa udaletxean

Edu Mendibil 2011ko abenduaren 15a

Abenduaren 22tik urtarrilaren 8ra arte San Pedroko berritze lanei buruzko erakusketa ikusgai izango da udaletxean, osoko bilkuren aretoan. Jon Molina San Pedroko parrokoaren arabera, helburua bikoitza da: alde batetik, udaberria ezkero egiten diharduten berrikuntza lanak azaltzea herritarrei; eta bestetik, San Pedrok historian zehar herrian izan duen eragina nabarmentzea.

Erakusketan, panelez eta argazkiez gain, bestelako elementuak ere jarriko dituzte: kanpai baten mihia, partitura zahar bat eta apurtutako harri bat esaterako. Lehengo egoeraren eta oraingo lanen irudiak jasotzen dituen muntaia ere egongo da ikusgai osoko bilkuren aretoan. Erlijio ikuspuntua ez ezik, parrokiaren beste arlo batzuk ere azpimarratu nahi dituzte.

Eguenean, hilaren 22an, zabalduko dute erakusketa, Juan Luis Bikuñak egingo duen hitzaldiarekin. San Pedroren historiaz jardungo du kazetari bergararrak udaletxean, 19:00etan.

Udaberrian jarri zituzten abian San Pedro berritzeko lanak. Bergarako Zetabi Arkitektura Bulegoak egin du proiektua; aurreko bi urteotan proiektua garatu ondoren, maiatzean ekin zieten lanei. Dorreko elementuak eta teilatua ari dira konpontzen orain. Amenabar enpresa dabil San Pedron lanean, Zetabiren eta Jesus Laskurain aparejadorearen zuzendaritzapean. Dorrea eta teilatua berritu ondoren, altxaerak, presbiterioko altuerak, sakristia eta bestelako lanei ekiteko ordua etorriko da. Proiektuak 3 milioi euro inguruko aurrekontua dauka eta lanak 2013. urterako amaitzea da asmoa. Molinaren hitzetan, "eliza berritzea ez da kapritxoa izan; oso egoera larrian zegoen eta Bergarako eraikin artistikoen artean baliotsuena da. Orain egiten ari garena azaldu nahi dugu, herritarrek informaziorik onena izan dezaten".

Finantzazioa lotzeke
Finantzazioa da buruhaustetako bat; are gehiago, krisi garai hauetan. Lehenbiziko faseko lanetarako 380.000 euroko laguntza agindu du Diputazioak. Ondoren, finantzazioa lotzen bada, eliza barrutik konpontzea da helburua: argiteria sistema eta zorua berritu, hezetasun arazoa konpondu eta berogailu sistema jarri eta elementu artistikoak zaharberritzea daude egitasmoen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak