Bihar alerta gorria haize ufada bortitzengatik

Maider Arregi 2011ko abenduaren 15a

Udazkeneko lehen denboralea Euskal Herrian bete-betean sartu da. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, alerta laranja ezarri berri du  itsasoan olatuak 5 eta 7 metro artekoak direlako. Hala, ondorengo 36 ordutarako arrisku maila jaitsi egin da. Dena den, bihar haizete bortitzak espero ditugu eta alerta gorria iragarri dute Herrizaingo Sailetik.

Herritarrendako gomendioak

  • Prebentzioko neurriak: Ate, leiho eta toldoak itxi eta ondo tinkatu. Kendu lorontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak. Aldamio, garabi eta obrako beste elementuak tinkatu.
  • Kanpoan baldin bazaude:  urrundu erlaitz, murru, zuhaitz edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili egiten ari diren etxeen edo kolokan dauden eraikinen aurretik.
  • Bidaiatuz gero: Saiatu errepidez ez bidaiatzen, bestela, kontu handiz jokatu beti.  Aurretik, jakinaren gainean egon zer-nolako eguraldia izango den zu zoazen leku horretan edo pasako dituzun lekuetan.
  • Itsas ondoan bazabiltza: Urrundu hondartzatik eta haize handiaren eraginez sor daitezkeen marea eta olatu handien kolpea jasotzen duten lekuetatik. Saiatu itsasontzirik ez erabiltzen eta berrikusi amarrak. Inola ere ez, ez egin uretako kirolik.

Euskalmet-en euraldi iragarpena

Barikua (2011/12/16) Zerua oso hodeitsu edo estalia egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du, kantauri isurialdeko zenbait lekutan iraunkorra. Egunaren amaieran kantauri isurialdean trumoi-ekaitza izateko probabilitatea txikia da. Egunaren amaieran elur-kota 800-900 metrora jaitsiko da. Hego- mendebaldeko haize gogorra ibiliko da, tarte oso gogorrekin; eguerdian ipar-mendebaldera aldatu eta bizi-gogor ibiliko da, bolada oso gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira.

Zapatua (2011/12/17) Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago eta ugariago kantauri isurialdean. Kantauri isurialdean trumoi-ekaitza izateko probabilitatea txikia da. Elur-kota 800 metro inguruan kokatuko da. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura nabarmen jaitsiko da. Barnealdeko zenbait lekutan izotz txikia egiteko probabilitatea txikia da.

Domeka (2011/12/18) Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago kantauri isurialdean. Elur-kota 800 metro inguruan kokatuko da, egunaren amaieran 1000 metrora. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin kostaldean. Tenperaturan aldaketarik ez. Barnealdeko zenbait lekutan izotz txikia egiteko probabilitatea txikia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak