Aiert Goenaga: "Etorkizun hurbileko azoka ezberdina izango da teknologia berrien eraginarengatik"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abenduaren 16a

Durangoko Azokaren zuzendari aldaketa prozesu naturala izan dela dio Aiert Goenagak. Izan ere, urte luzez zuzendari jardun duen Jon Irazabalen ordezkapena modu lasaian egin da, belaunaldi errelebua izan da. Ondarrutarra da Goenaga, Oñatin bizi izandakoa, gaur egun Mutrikun bizi da. Pozik eta ardura handiz hartu du lekukoa, Durangoko Azoka "erreferentzia" delako euskaldunondako.

Zeure agintaldia aurrekoaren ezberdina izango da, ideia berriekin zatoz?
Koordinazio lana izango da nirea, lantalde bateko buru izatea egokituko zait. Belaunaldi aldaketa bat da, duela urte batzuetako azoka eta oraingoa ezberdina da eta modu naturalean heldu beharko diogu erronka berriei. 80ko eta 90eko hamarkadetan azoka beste modu batekoa zen, gaur egun ere bai, bereziki, krisi testuinguru honetan.

Lehentasuna, zeri?
Aurten hasitako lanari jarraipena eman gura diot. Eredu parte-hartzailea jarri dugu abian, eta hortik sakondu gura dugu.

Zertan oinarritzen da parte-hartze hori?
Azokaren antolatzaile Gerediaga elkarteari egokitu zaio, urteetan, euskal kulturaren produkzioa bideratzea, gidatzea, daukan dimentsioagatik. Orain, esparru berrietara jauzi egin gura dugu, baina argi daukagu ez garela adituak ezertan eta bidelagunak, benetako adituak, alboan gura ditugula, eurekin elkarlanean jardun gura dugula. Eragileekin batera, eskutik, sortu gura ditugu gune eta proiektu berriak…

Zein da Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako zuzendariaren egiteko nagusia?
Elkarte askorekin harremanetan egotea, batik bat. Gerediaga elkartea txikia da eta baliabide mugatuak ditu. Eta ez ditugu egingo urratsak ondorioak ondo neurtu barik. Dena dela, esaterako, azokako zuzendariak urte osoan jardun beharko du, buru-belarri eta, lehen, hilabete batzuetan batzen bazen ere egitekoa, orain, urte osoan barrena banatuko da. Koordinazioa beste modu batera egingo dugu.

Lauzpabost eguneko azokak urte osoko lana eskatzen du?
Gutxiagoan ere egin daiteke, jakina, baina jauzi kualitatiboa eman gura dugu, publiko berriarengana hurbildu eta gaur egungo bezeroei ere gauza berriak eskaini, ohiko salmenta puntuetatik harago, azoka topagunea, herriaren mugimendua da. Eta hori indartu gura dugu gauzak ondo eginez. Aurten lehen aldiz izango da urte osoko lanketa bat duena, eta 47. edizioan ikusiko ditugu emaitzak.

Zelan joan da aurtengo azoka? Ze nabarmenduko zenuke bereziki?
Pozik gaude, ondo joanda. Alor ezberdinetan egin behar da balorazioa, antolaketa, parte-hartzea, publikoa, salmenta, sortzaileak… Eta guztiena izan da positiboa. Hori nabarmendu behar da. Aurten zubia arraro etorri da, eta zalantzak genituen, baina, aurreko urteko esperientziak ikusita, apustua egin genuen domekan hasteko eta ondo atera da.

Zenbat lagun?
Ia 140.000. Aurten kamera termiko batzuk ipini ditugu sarrera-irteeretan.

Zeintzuk izan dira aurtengo izarrak, disko eta liburuen salmentari dagokionez?
Saltzaileei, editoreei, erakusleei galdetzea onena. Bestalde, erlatiboa da izarraren kontzeptu hori. Badira idazle edo talde ospetsuak, zifra handietan mugitzen direnak, baina badira ezezagunagoak, berriak, salmenta kopuru txikiago edukita ere, arrakasta izan dezakeenak. Edozelan ere, Berri Txarrak, Esne Beltza eta Harkaitz Kano denon ahotan egon dira.

Salmentetatik haratago zerk izan du arrakasta aurten?
Gune berriek: Kabia@, Irudienea eta Szenatokiak. Uste dugu beste kultura adierazpide batzuek ere tokia izan behar dutela, ze liburu eta diskoetatik baikatoz, baina aldatzeko tendentzia ere badute. Publiko berriari eta oraingoari eutsi gura badiegu, berritasunak sartu behar ditugu.

Zein da Durangoko Azokaren erakarmen nagusia?
Berritasunengatik datoz batzuk; beste batzuek diote berritasunak beste toki batzuetan ere aurki ditzaketela, Interneten ere bai, baina pertenentzia sentimendua azaleratzen zaiela azokara datozen bakoitzean; beste batzuek diote  ez badoaz zerbait galdu dutela sumatzen dutela… denetiko arrazoiak daude, baina kontua da jendea hara doala eta guk horri erantzun egin behar diogula. Euskal kulturaren erreferentzia da azoka.

Zer egiten duzue antolakuntzatik topagune hori indartzeko?
Eredu parte-hartzailea bultzatu. Jendeak gero eta parte-hartze handiagoa baldin badauka, bere egingo du azoka. Inbolukrazio handiagoa izango du eta horrela indartuko dira bezeroen edo jendearen eta antolatzaile edo saltzaileen arteko loturak.

Zer moduz Azoka Telebista?
Oso ondo. Guretako estrategikoa da. Bertan dagoenarendako zerbitzu ezin hobea. Bestalde, streaming bidez azoka jarraitzeko aukera ematen die azokara etortzerik ez dutenei. Balio erantsi handia ematen digu Azoka Telebistak eta segitzeko asmoa dugu.

Jendeak geroago eta gutxiago erosten ditu diskoak fisikoki…
Aldaketa datorrela argi dago. Aldaketa etengabea da. Esaterako, egun, 12 edo 14 urte dituen gazte bati, esan hemendik sei urtera erosteko CD bat, ohituta dagoenean musika edo bestelako artxibo digitalak edozein euskarritan entzuten, eskuko telefonoetan, eta abar. Ideia errotik aldatzen da eta etorkizun hurbileko azoka ezberdina izango da eta teknologia berriek geroago eta presentzia handiagoa izango dute.

Etorkizuneko azoka?
Ez da erraza jakitea, baina ezberdina izango da eta bagabiltza hurbiltze prozesu bat egiten eragileekin, horren gainean dakitenekin… Ez gara adituak hainbat kontutan, baina usaintzen dugu nondik etor daitezkeen berritasunak.

QRak, abestiak jaisteko gailuak, moduak… halakoak aurreikusten dituzue?
Bai, hasi gara horrekin. Stand ohikoez gain, beste berezi batzuk ere jarri gura ditugu. Esaterako, QR kodeekin musika jaisteko, erosteko, moduak baliatu…

Jauzi arriskutsuak?
Poliki, baina gelditu barik, eten barik, eguneratzen, hala joan behar dugu, jauzi seguruak emanez. Baina jakin behar dugu gizartearen aurretik doazela teknologia berriak eta guk, ezinbestean, hor egon behar dugula.

Zein da argitaletxeen kezka nagusia etorkizunari begira?
Etorkizuneko kontsumo tendentziak. Gaur egungo gazteen eta 30 edo 40 urtetik gorakoen kontsumo ereduak ezberdinak dira. Argitaletxeek gaur egungo egoerari, eta kontsumo joera berriei, egokitu behar dute. Egungo argitaletxeek egiten ez badute, gazteak etorriko dira, unibertsitatetik aterako dira, ideia berriekin, eta, akaso, industria honetan sartuko dira teknologia, baliabide, euskarri berriekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak