Atzo aurkeztu zuen Eskoriatza Saskibaloi Taldeak maila txikietatik saskibaloia sustatzeko duen proiektua, saskibaloi eskola. Egitasmo hori, batez ere, Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako 8 eta 11 urte arteko neskei dago zuzenduta. Izan ere, hori da Eskoriatzako klubaren berezitasun nagusiena, hamabost urte daramatzatela emakumezkoen saskibaloiaz lanean.
Aurkezpenean berba egin zuten Javi Corbal presidenteak, saskibaloi saileko arduradun Fernando Rasok, saski eskolaren koordinatzaile Jota Etxeberriak eta klubeko bozeramaile Jaxone Zabalak.
Mondragon Linguaren babesa
Fernando Rasoren esanetan, alde fisikoa bakarrik ez, taldelana bezalako alorrak ere landuko dituzte eskolan. eta adierazi zuen baita ere asmoa dela erreferente izatea bai Gipuzkoa eta baita Euskadi mailan ere. Koordinatzailea den Jota Etxeberriaz gain, monitore lanak egingo dituzten hamabi entrenatzaile ere badabiltza saskibaloi eskolan.
Saski eskolak bultzatzeko babeslea izango du Eskoriatzak, Mondragon Linguaren izena eramango dute-eta elastikoek. Saski eskolaren helburuen gainean egin zuten berba, eta baita entrenamenduak noiz izango diren ere: Astelehenetan Arrasaten (17:45-18:45) eta eguaztenetan beste saio bat egingo dute Eskoriatzan (17:00-18:00). Izenematea eta harremanetarako kontaktua webgunean: www.eskoriatzake.com