Aldaketa hori EHAOn Eusko Legebiltzarrak onartutako Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea argitaratuta dator. Haren arabera, prestazio horien onuradunek edo eskatzaileek Lanbideko
bulegoetara jo beharko dute edozein tramite egitera edo informazioa eskatzera.
Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatuak esan zuenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiak beste irtenbiderik ez du izan bere kabuz herritarrei aldaketak ohartaraztea baino, Eusko Jaurlaritzak ez baitu ezertxo ere adierazi.”. Horrela, Gizarte Politikako Departamentuak 13.200 gutun bidali dizkie martitzenean eta eguaztenean Foru Aldundian Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren txosten bat zabalik duten guztiei.
"Jaurlaritzaren lankide izango gara"
Urtarrila ezkero ere, diru-laguntza horiek eskatzeko baldintzak zorrotzagoak izango dira. Rodríguezek nabarmendu du Lanbidek "taxu handiagoa" erakutsi behar duela errenta horiek kudeatzen, "inork kalterik jasan ez dezan eta prestazioan atzerapenik izan ez dadin". Foru Aldundia baldintzak gogortzearen aurka agertu zen, baina Rodriguezek azpimarratu zuen, hala ere, Foru Aldundia Eusko Jaurlaritzaren "lankide" izango dela datuak trukatzeko orduan.
Rodríguezek, hala ere, berriro ere kritikatu zituen PSEk eta PP adostutako gizarte murrizketek izango dituzten "ondorio larriak", eta esan zuen prestazio hori eskuratzeko baldintzak gogortuta, bereziki erroldatutako aldia urte batetik hirura igota, milaka lagun geratuko direla gizartearen babesik gabe.
Gogorarazi du Gipuzkoan bakarrik 600 lagun geratuko direla prestazio ekonomikorik gabe urtero.