"Inor ez da diru arazoengatik Basque Culinarytik kanpo geratuko"

Leire Kortabarria 2011ko abenduaren 15a

Basque Culinary Centerrek Donostian dituen instalazio berrien ateak irekiko ditu zapatuan, 10:30ean hasita, eta aurre-izenematea ere egin ahal izango da. Izan ere, datorren ikasturtean interesatuek aukera handiagoa izango dute Gastronomia Zientzien Fakultatean sartzeko. "Inor ez da arrazoi ekonomikoengatik kanpoan geratuko", esan du Joxe Mari Aizega zuzendariak.

Fakultatea martxan jarri den lehen urte honen ostean, plaza kopurua handitu eta 100 ikaslek izena eman ahalko dute. Joan zen urtean gazte askok ezin izan zituzten gradu-ikasketak egin, 70 ikasleko muga jarri baitzen. Horrela esan du Basque Culinary Centerrek.

Zapatuko jardunaldia Donostiako Teknologia Parkeko Juan Avelino Barriola pasealekua, 101eko instalazioetan izango da. Proiektua, graduaren ezaugarriak eta horri buruzko bideoa Alex Beitiak, zuzendari akademikoak, aurkeztuko ditu zentroko Auditorioan. Gero, Basque Culinary Centerren instalazioak bisitatuko dituzte.

Jardunaldira  joan  nahi dutenek –doakoa izango da– 902 110 436 telefonora deitu eta izena eman beharko dute.

Bigarren promoziorako izenematea, zabalik

Basque Culinaryko 2. promozioko 100 plazetariko bat lortu nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete, Basque Culinary Centerren 902 540 866 telefonora deituta. Ondoren, aukeraketa-prozesua hasiko da, interesatuen gaitasunak eta espediente akademikoa baloratzeko. Horren ostean, aukeratuek behin betiko izena eman ahalko dute.

Bestalde, finantzatzeko hainbat aukera eskaintzen dira eta beka-sistema propioa du. Hori dela eta, "Basque Culinary Centerren ikasi nahi duen eta aukeraketa-prozesua gainditu duen inor ez da kanpoan geratuko arrazoi ekonomikoengatik", azpimarratu du Joxe Mari Aizega zuzendariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak