Pintxo lehiaketa egin dute aurtengo ekainean lehen aldiz eta, datorren urtera begira, bigarrena antolatzeko lanean dihardute. Mokadu goxo eta preziatu horiei bultzada bat ematea da helburu nagusia eta uste dute, gainera, lehiaketak hainbat onura dakarzkiola ostalariari: horrelakoetan parte hartzeak une oro ikasten eta hobetzen joateko bidea ematen duelako eta, ondo eginez gero, baita tabernaren izen ona zabaltzeko ere.
Baina pintxo lehiaketatik tiraka, ekintza gehiago ere antolatu gura dituzte, On egin! izenburupean: pintxo-poteko pintxoen arteko lehiaketa; pintxoak jan bitartean, hizlari baten eskutik, tabernan eztabaida sortzea; herri bakoitzaren bereizgarri izango den pintxoa sortzea; mokadu horiek kalera ateratzea; edota pintxoen originaltasuna bultzatzea.
Ideia asko dituzte buruan, baina horiek zehazten joateko ostalariekin batzorde bat osatzea izango da lehen egitekoa.